Kontsumo Bulegoaren izenean iruzurrak etxez etxe

Ataria 2016ko urriaren 28a

Tolosaldeko Kontsumitzailearen Informaziorako udal bulegotik jakinarazi dute gaur bertan kontsumitzaile batzuen salaketak jaso dituztela esanez argi eta gas konpainia bateko komertzialak bere etxetatik pasa direla Kontsumo Bulegoaren izenean doazela adieraziz. 

"Komertzialak bezeroaren egungo hornitzailea gehiegi kobratzen ari zaiela esanez hasten dira, eta kexa kopuru jakin bat jasotzeak Kontsumo Bulegoa etxez etxe pasatzea justifikatzen duela. Kontsumo Bulegoaren izenean jardutean konfidantza sortzen dute kontsumitzaileengan", esan dute Kontsumo Bulegotik.

Honela, Tolosaldeko Kontsumitzailearen Informaziorako udal bulegoak ohartarazi nahi izan du "komertzial hauek iruzurra egiten ari direla eta Kontsumo bulegoak ez duela zerikusirik bisita horiekin". Iruzurra egitea lortu duten kasuetan nola jokatu ere argitu dute kontsumitzaileen bulegotik: "Inork baldintza hauetan kontraturen bat sinatu badu, jakin beza, legez 14 eguneko epea daukala kontratu horri uko egiteko. Kontratu hori atzera botatzeko, konpainiaren helbidera “documento de desisitimiento” edo atzera egiteko dokumentua beteta bidali behar du posta zertifikatuz, beti dokumentu horren eta Correosen ziurtagiriaren kopia bat ondo gordez”.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!