Eskualdeko topaketa feministak egingo dituzte hurrengo asteburuan

Ataria 2016ko urriaren 26a

Eskualdeko emakume taldeek formakuntza saio ugari antolatu dituzte hurrengo astebururako. Izen ematea zabalik dago dagoeneko.

"Topatu pototak!" topaketa feministak antolatu dituzte Irmo, Aizan, Kontzientzia Moreak eta Tolosako, Anoetako eta Ibarrako emakume taldeek.

Azaroaren 4an eta 5ean hamaika gai landuko dituzte. Ostiralean, azaroaren 4ean, transfeminismoaren inguruko hitzaldia izango da Medeak taldearen eskutik. 19:00etan maitasun erromantikoa izango du hizpide Irantzu Varelak: "Desprincesamiento, desmontando el amor romántico" hitzaldia eskainiko du.

Larunbatean, egun osoko egitaraua

Larunbatean, azaroaren 5ean, egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan, "Burujabetza feministarantz" hitzaldia eskainiko dute Bilgune Feministako kideek. 12:00etan, De Berta a Teo dokumentala proiektatuko dute eta solasaldia izango da gero.

Elkarrekin bazkaldu ondoren, postpornoaren inguruko hitzaldia izango da, 16:30ean. 18:30ak aldera, eskualdeko emakume taldeen arteko asanblada egingo dute, "elkar ezagutzeko eta emakume taldeen arteko sareak josteko".

Eguna bukatzeko, festa egingo dute Anoetako Gaztetxean; DJ Potota ariko da musika jartzen. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta horretarako esteka honetan apuntatu behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!