2.300 hautagai eta 70 lanpostu

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 27a, 08:09

09:00etan hasi dira elkarrizketak egiten, eta etenik gabekoa izan da hitzorduen zerrenda; bihar jarraituko dute.

Atzo hasi zen Tolosaldeko hirugarren enplegu azoka, Lehiberrin; lanpostuen jarraikortasuna egitasmoaren altxortzat jo dute ordezkari politikoek.

2.672 langabetu daude, gaur egun, Tolosaldean. Herritarren %11,7 horretako zenbaiti bultzada bat eman, eta lan-merkatura sartzeko egitasmoa da Enplegunea. Hirugarrenez ospatzen ari dira aurten eta, atzo hasita gaur bitarte, 2.300 hautagai pasatuko dira Lehiberri zentroko mahaietatik, lan elkarrizketak egitera.
Tolosaldea Garatzeneko udalek eta Lanbidek elkarlanean gorpuztutako proiektua da Enplegunea, eta 70 lanpostu eskainiko dituzte aurten; Lanbidek horietako 54 finantzatuko ditu.
Hasieran, behinik behin, sei hilabeteko lan kontratuak egingo dizkiete aukeratutako langileei, eta enpresa pribatuak izango dira guztiak. Dena den, eskualdeko ordezkari politikoek Enplegunearen irekieran nabarmendu zutenez, horixe da hitzorduaren harribitxia: «Aurreko Enpleguneetako lan kontratu asko luzatu egin izan dituzte eta, beraz, argi dago lanaren jarraikortasuna bermatzen duela».
70 lanpostutarako 2.300 hautagaik eman dute izena, eta 10 minutu inguruko elkarrizketak izango dituzte enpresetako arduradunekin.
Eskainitako lanpostuak, berriz, hainbat esparrutakoak izango dira. Industrian 37 lanpostu eskainiko dituzte eta zerbitzuetan, berriz, 16. Hamabi lanpostu izango dira merkataritza sektorean eskainiko dituztenak eta, bide beretik, ostalaritzan 4 lan kontratu egingo dituzte, Enplegunearen bitartez. Azkenik, lehen sektorera ere bideratuko da Enplegunea, eta nekazaritza lanetan aritzeko lanpostu bat sortuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!