«Lana eginez gero, gauzak lortzen dira»

Asier Imaz 2016ko urr. 26a, 12:34

Abraham Olano, Haimar Zubeldia, Markel Irizar eta Xabier Usabiaga Oriako Txinrrindulari Eskolako haur eta gaztetxoekin.

Oriako Txirrindulari Eskolan denboraldi berriari begira jarriak daude, oraingoz 51 ikasle dituzte.

Oriako Txirrindulari Eskolako kideak denboraldi berria prestatzen hasiak dira. Iaz, 45 gaztetxorekin aritu ziren lanean, eta aurten, 51ra iritsi dira jadanik. «4-5 txirrindulari joan dira jubenilen adina gainditu dutelako, baina dozena bat berri iritsi dira», dio pozik Aitor Aiertza Oriakoko kideak.

Izena emateko aukera zabalik dago, urte osoan bezala: «Edozein momentutan apuntatu daiteke. Urte bukaeran edo hasieran baldin bada, hobe izaten den arren. Orduan hasten gara antolatzen; materiala, neguko prestakuntza...».

Azaroaren 19an pistako denboraldia hasiko da kadete eta jubenilentzat. Martxoan, errepidera joango dira maila guztietako txirrindulariak. Tarte honetan, ez daude geldirik egoteko: «Pistara joan nahi duenak pistara joateko aukera izaten du, eta nahi ez duenak, neguko prestakuntzarekin hasten da, mendian oinez, gimnasia edo igeri eginez edo kiroldegian». Mendiko bizikletarekin ere hainbat irteera egin dituztela gogoratzen du Aitor Aiertzak. 

Kadete eta jubenilez gain, Oriakon alebinekin eta infantilekin lan egiten dutela dio Aiertzak: «Benjaminentzat Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ditu lasterketak jartzen. Guk ere ez, baina kirol hau ezagutzeko aukera ematen diegu adin horretako haurrei, irteera batzuen bidez. Fitxak 11 urtetik aurrerakoei egiten zaizkie. Eta Oriakon, 18 urtera bitarte aritzen dira». Ondoren, norberak ikusi behar du afizionatuetara jauzi egin edo ez.

Entrenamenduak orain arte Tolosako Teknifikazio Zentroan egiten zituzten, baina itxi ondoren, bi prestatzailerekin aritzen dira orain Oriakokoak: Ander Altuna eta Xabier San Sebastianekin. «Azken hau bertatik ateratako txirrindularia da, bizikleta utzi ondoren, ikasketak eginez berriro gurekin ariko dena», azaltzen du Aiertzak. Oriakoko kidearen esanetan, «jarraipen bat egiten hasten dira, gehienbat, txirrindularitzan aurrera egin nahi izanez gero eman beharreko urratsak ezagutzeko». 

Mundu hori zer den ondo dakite Markel Irizar, Abraham Olano, Xabier Usabiaga eta Haimar Zubeldiak. «Eurekin mahai inguru bat antolatu genuen babeslearen egoitzan, Limousin Kartoiak enpresan. Aurrena ginkana moduko bat egin genuen gaztetxoekin, eta ondoren etorri zen hitzaldia», dio Aiertzak. Punta-puntako txirrindularien hitzak gustura entzun zituzten Oriakokoek, eta baita ikasgaiak atera ere: «Bizitzako beste edozein arlotan bezala, lana eginez gero, gauzak lortzea daude». Hain justu, hori da Oriako Txirrindularitza Eskolak irakatsi nahi duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!