Enirio-Aralar

EH Bilduk hausnarketaren alde egingo du Aralarko aferan

Mankomunitateko koalizioaren bi ordezkarik ez zuten adostutakoa bete eta honen aurrean hausnarketaren aldeko erabakia berretsi nahi izan du.

Tolosaldeko EH Bilduk Enirio-Aralar Mankomunitateko Batzar Orokorrean emandako azken gertakarien inguruko azalpenak eman nahi izan ditu. Izan ere, urriaren 19an mankomunitateko batzarra egon zen eta hainbat desadostasun eman ziren.

Azken asteetan Enirio-Aralarren hartu beharreko erabakien inguruko hainbat lan bilera egin dituzte EH Bildun, baina koalizioko bi ordezkarik ez zuten bertan adostutakoa bete pasa den asteko batzarrean. Honen aurrean EH Bilduk azaldu nahi izan du, «Enirio-Aralar Mankomunitateari dagozkion gaien inguruko erabakiak ordezkari guztien artean martxan jarritako barne dinamikan eztabaidatuak eta adostuak» izan direla. Era berean, «eztabaida horietan parte hartu duten ordezkari guztien errespetua» merezi dutela esan du.

Desadostasunak Aralarren egin asmo dituzten pisten inguruan eman dira. Artzainen lana erraztu asmoz hainbat azpiegitura egin nahi dituzte bertan, eta EH Bilduk honen aurrean hainbat erabaki hartu zituen aipatu lan bileretan. «EH Bilduk Goroskintxorainora arteko pista soilik eraikitzea hobesten du, betiere, proiektuaren erredakzio prozedura eta adjudikazio publikoa zorroztasun osoz errespetatu behar direla bermatuz». «Aurrerantzean eraiki beharreko gainontzeko azpiegitura guztien gaineko erabakiak hartzeko, hausnarketa estrategiko bat egitea beharrezkoa da, lehentasunezko lanak benetan zein diren erabaki ahal izateko», gaineratu du. Bi erabaki hauen berri irailaren 15ean egindako mankomunitatearen batzarrean eman zuten, «eta zehazki, hausnarketa estrategikoaren gaia onartuta geratu zen bertan».

Urriaren 19ko batzarrean beraz, «gai zerrendan 2017. urterako inbertsio beharren zerrendaren onarpena bozkatzea planteatzen zela ikusita», koalizioak zerrenda mahai gainean uzteko eskatzea erabakia zuen, aldeko bozkarik eman gabe, baina bi ordezkarik ez zuten hori defendatu. Honen aurrean hortaz, hausnarketa estrategikoa martxan jartzea defendatzen jarraituko duela esan du EH Bilduk. «Aralar guztiona dela sinesten dugulako», gaineratu du koalizioak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!