Abian da IX. Euskal Herriko Mus Txapelketa

Ataria 2016ko urr. 21a, 17:39

Euskal Herriko Mus Txapelketaren IX.edizioa aurkeztu dute ostiral arratsaldean Anoetako udaletxean. Anoetan jokatuko da finala, 2017ko martxoaren 25ean.

Euskal Herriko Mus Txapelketaren IX. edizioa izango da aurten eta finala Anoetan jokatuko da, 2017ko martxoaren 25ean. "Egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatuko dugu Anoetako herritarrekin eta Udalarekin batera", adierazi du Iñaki Aristeta Euskal Herriko Mus Federazioko kideak.

Finalera ailegatzeko, ordea, bide luzea egin behar dute parte hartzaileek. Azaroan, abenduan eta urtarrilean herrietako kanporaketak jokatuko dituzte. Iaz, Euskal Herri osoko 220 herritan jokatu zen kanporaketa, eta kopurua handitzea dute helburu: "Ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi ditugu herrietako kanporaketak. Edonork lagundu diezaguke antolatzen www.ehmus.eus webgunean edo gurekin harremanetan jarrita". Kanporaketen ondoren, 2017ko otsailaren 25ean jokatuko dituzte zazpi herrialdetako kanporaketak.

Sari bikainak jokoan

Bidea luzea izango da txapel preziatua lortu arte, baina txapeldunentzat ez ezik, sari bikainak daude jokoan hurrengo sailkatuentzat ere. "50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan eta parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du", azaldu dute prentsaurrekoan.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako edonork har dezake parte txapelketan. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du bere herrian antolatzen den kanporaketan eta 20 euro ordaindu behar ditu bikote bakoitzak. Herrialdeko finaletan garaikurrak eta asteburuko egonaldiak ere zozketatzen dituzte, eta finalera sailkatzen diren muslari bakoitzari gosaria, hamaiketakoa eta kamiseta ere oparitzen die.

-Txapeldunak: txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia.

-Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat bidaia Kanariar Uhartera.

-3. bikote sailkatua: 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.

-4. bikote sailkatua: 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.

-250 euro 5-8 arteko postuetan sailkatutako bikoteentzat 

-100 euro 9-16 postuetan sailkatutako bikoteentzat

Musa, nazio kontzientzia indartzeko aitzaki

Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdetako herritarrek hartzen dute parte txapelketan. "Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta hainbat mus txapelketa antolatzen zirela ikusita" ekin zioten txapelketa antolatzeari. Bere helburua da "Euskal Herriak bizi duen zatiketa administratiboa gainditzea, nazio bakar gisa antolatzea eta nazio kontzientzia indartzea", adierazi du Aristetak.

Herrietako informazioa eta antolakuntzarako irizpide guztiak irakur daitezke www.ehmus.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!