Enirio-Aralar

Ekologista eta natur taldeak, Aralarren pistak egitearen aurka

Ataria 2016ko urr. 20a, 08:45

Pista egiteko lanak hasi direla esan dute Landarlan natutr taldetik. landarlan

Aralartik ibilaldi interpretatiboa antolatu dute iganderako, Larraizko langatik abiatuta.

Landarlan natur taldeak agerraldia egin du, Aralarren pistak egiteko asmoaren aurka azalduz. Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Saltarrirako pista proiektua dela-eta egin du agerraldia. «Mendizerraren bihotzeraino iritsiko litzatekeen ia 4,4 km-ko pista da», azaldu dute Landarlanetik. «Aralar natur parkeko Baliabide Naturalen Antolamendu Planak berariaz galarazten ditu lurra harrotzeko lanak, baina, hala ere, foru aldundiak onartu egin du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, lege-eskakizun ugari bete gabe eta proiektuaren inpaktu larriak kontuan hartu gabe: paisaian, lurzoruan, habitatean, lurpeko uretan…».

Baliabide Naturalen Antolamendu Planak zehaztutako azpiegitura-planik «aurrez egin gabe» onartu dela azterketa salatu dute. «Dagoeneko, Gipuzkoako hainbat natur eta ekologista taldeek helegitea ipini dugu foru aldundian pista proiektua bertan behera gelditzeko eskatuz», zehaztu dute. Oraingoz pista soilik Goroskintxuraino izango dela jakin dutela diote, «baina GFAk onartutako proiektu berean oinarrituz». Azken egunetan lanak hasi direla esan dute, «artzain eta ganaduzaleen sektoreetatik aparte beste inongo eragilerekin adostu gabe». Natur taldetik adierazi dutenez, «Aralar osoa pistez zeharkatzea da asmoa, kontuan izan gabe, Natur Parkea eta Natura 2000ko gunea dela, eta EAEko Paisai Berezi eta Apartekoen Inbentario-Katalogoan sartuta dagoela».

Landarlanetik azaldu dutenez, «gizartean zabaldurik dago artzaintza bezalako ofizio zahar baten bizi-kalitatea bermatzeko desioa, baina badira aztertu ez diren beste hainbat alternatiba: txabolak birkokatzea, beldar-kate bidezko garraioa, aire bidezkoa… 2002an Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko Legebiltzarrean proposatu zuen bezala».

Igande honetan, Larraizko langatik 09:30ean abiatuko den ibilaldi interpretatiboa antolatu dute Eguzki talde ekologistak eta Landarlan Ingurumen Taldeak, Ekologistak Martxan elkarteak lagunduta. Errekonta lepora, Ausa Gaztelu azpira, egingo dute ibilaldia eta iraupena hiru ordu eta erdikoa izango da. «Ibilaldian hainbat biologo eta herritarrek azalpenak emango dituzte Aralarko ondareaz eta arazoez», azaldu dute, eta ibilaldian parte hartzea eta erantzukizuna parte-hartzailearen ardurapean egongo dela gaineratu. Ondorengo elkarteek babestu dute ibilaldia: Naturkon Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundea, Ordiziako Mendizaleak, Usurbilgo Andatza, Donostiako Bidebieta eta Irungo Erlaitz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!