Euskal Herriko dantza txapelketak ez du zenbakirik behar berezia izateko, baina, zalantzarik ez da, 40. txapelketak desberdin esnatu zuela Segura, joan den larunbatean. Egun osoko jaiak arindu nahi izan zuen bikote parte-hartzaileen urduritasuna, baina oholtzak jarri zuen nor bere lekuan, eta epaimahaiak nor bere puntuazioan. Horrela, Xabier Artola irurarra eta haren bikote Idoia Besada pasaitarra izan ziren txapeldun, 123 puntu eskuratuta.
Haien atzetik sailkatu ziren, bigarren postuan, Ane Urruzola billabonatarra eta Iker Sanz lezoarra, 119 punturekin. Eta, podiuma osatuz, Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrak sailkatu ziren hirugarren, 118 punturekin.
Guztira 10 bikote aritu ziren fandangoaren eta arin-arinaren artean pintzelkadak marrazten, eta publikoak bat egin zuen haien ahaleginarekin. Horrela, sailkapen ofizialaz haragoko sariak ere iritsi ziren eskualdera. Ane Urruzolak eta Iker Sanzek jaso zuten Gillermo Areizaga saria, estreinakoz parte hartu eta posturik onena lortu zuen bikotea izateagatik. Xabier Artolak eta Idoia Besadak, berriz, garaipen handia gutxi ez, eta gipuzkoar onenen saria eta hobekien jantzitako bikotearen saria ere irabazi zituzten.
2017ko urrira bitarte, orain, Udaberri dantza taldeko bikoteak urtebetez jaso beharko du, Irurako Udalean, Nestor Basterretxeak sorturiko garaikurra.
Atsedenaldian Aukeran dantza konpainiaren saioa izan zen, eta eskualdeko hainbat dantzari aritu ziren oholtzan.
EUSKAL HERRIKO 40. DANTZA TXAPELKETA, sailkapena
1. Xabier Artola eta Idoia Besada (IRURA-PASAIA) 123 puntu
2. Iker Sanz eta Ane Urruola (LEZO-VILLABONA) 119 puntu
3. Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga (AZPEITIA) 118 puntu
4. Mikel Subinas eta Maite Beobide (AZPEITIA) 107,50 puntu
5. Ibai Jimenez eta Iratxe Lizarburu (ZALDIBIA-IBARRA) 101 puntu
6. Julen Berrondo eta Nagore Berrondo (ERREZIL) 97 puntu
7. Gorka Kerejeta eta Leire Eizmendi (AZPEITIA-ERREZIL) 96,50 puntu
8. Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (BERGARA) 92 puntu
9. Beñat Olano eta Paula Gonzalez (GASTEIZ) 87 puntu
10. Pierre Latasa eta Ihintza Handy (URRUÑA-ZIBURU) 84 puntu