Munduari ateak irekitzeko

Ane Urkola 2016ko urr. 13a, 15:45

Bizilagunak proiektua aurkeztu dute Tolosan. Azaroaren 13an egingo dituzte bertakoen eta atzerritarren arteko bazkariak.

Munduan zehar bidaiatzea gustatzen zaie askori kultura ezberdinak ezagutzeko. Inguruko herri eta auzoetan ikus daitezke, ordea, jatorri eta kultura ezberdinetako herritarrak. Askotan, herritarrek ez dute beraiengana gerturatzeko pausurik ematen, zurrumurruak eta aurreiritziak direla-eta.

Horri erantzuteko jarri zuten martxan Bizilagunak proiektua duela bost urte. Bertakoak eta atzerritarrak mahaiaren inguruan biltzen dituen ekimena da. Beste herrialde batetik etorritakoen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko ezagutza sustatzeko eta aurreiritziak gainditzeko egitasmoa da. Aurten, azaroaren 13an egingo dituzte bazkariak, eta izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko. Horretarako, tolosaldeabizilagunak@gmail.com helbidera idatzi edo 646057080 telefono zenbakira deitu behar dute herritarrek.

Kirola da egitasmoaren aurtengo gaia: «Batetik, jatorri desberdinetako jendearen integrazioa bultzatzen du kirolak. Era berean, ordea, diskriminazio egoera ugari gertatzen dira alor horretan», adierazi du Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saileko teknikariak. Hori horrela, Euskal Herri osoko hainbat kirolarik bat egin dute ekimenarekin: Xabi Alonso eta Mikel Alonso, Leire Olaberria eta Iñaki Perurena, besteak beste.

Bostgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena Tolosaldean, eta urtez urte gora egin du parte hartu dutenen kopuruak. «Familia modu zabalean ulertzen dugu. Familiak ez ezik, lagun kuadrilak, pisukideak izan dira bazkarietan», azaldu du Moralesek. Tolosaldea guztiko herritarrek hartu dute parte ekimenean; iaz, 120 lagun izan ziren guztira, eta 15 bazkari egin zituzten. Bazkari horietan hainbat jatorritako familiak izan ziren: Euskal Herria, Nepal, Maroko, Afganistan eta Brasil, besteak beste. «Izugarria da familia horien artean sortzen den giroa. Bazkarira ailegatu baino lehen ez dute elkar ezagutzen, baina kimika handia sortzen da beren artean. Lagun bihurtzen dira asko, eta harremana izaten dute gerora ere», azpimarratu du Moralesek.

Bazkari horietako bakoitzean dinamizatzaile batek hartzen dute parte: «Ezinbestekoa da dinamizatzailearen papera. Bi familien arteko bitartekaria da, eta bere eginkizuna da antolaketan laguntzea», nabarmendu du teknikariak. Alaia Garmendia dinamizatzailea izan zen duela bi urte: «Oso esperientzia polita da, guztiz aberasgarria eta gomendagarria. Ekimenean parte hartzeko beste modu bat eskaintzen du».

Gipuzkoa Solidarioa, jaialdia

Ekimenean parte hartzen duten familia guztiak ezagutzeko Gipuzkoa Solidarioa jaialdia antolatu dute. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da azaroaren 26an, 17:00etan. ‘Atzerritarrak kiroletan’ gaia landuko dute antzerki bidez, eta www.muga.eu webgunean do 943321811 telefonora deitu behar da izena emateko.

Egitasmoa aurkezten duen bideoa hemen:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!