Eskualdeko hiru dantzari, Euskal Herriko sueltoko lehian

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urriaren 13a

Lierni Kamio billabonatarrak garaipena eskuratu zuen, iaz, Iker Sanz bikotearekin batera.

Larunbatak hartuko du Euskal Herriko 40. dantza txapelketa, Seguran; Xabier Artola, Iratxe Lizarburu eta Ane Urruzola lehian ariko dira.

Sekula baino bereziagoa izango da, aurten, Segurako dantza sueltoko txapelketa. Baratze pilotalekuak 40. Euskal Herriko txapelketa hartuko du, eta Tolosaldeak ordezkaritza zabala izango du bertan.

Guztira 10 bikote ariko dira fandango eta arin-arin finena biribiltzeko lehian. Txistularien doinuan dantzatuko dute fandangoa eta, arin-arina, berriz, urteroko moduan, trikiti eta panderoak eskainiko dizkie dantzariei.

Zozketa bidez aukeraturiko hurrenkerak hala erabakita, Iratxe Lizarburu ibartarra eta Ibai Jimenez zaldibiarra lehenak izango dira oholtzaratzen, Ibarra ordezkatuz. Oin eta besoak mugitzen bigarrenak izango dira Ane Urruzola billabonatarra eta Iker Sanz lezoarra, eta Villabona ordezkatuko dute. Azkenik, Irura ordezkatuz dantzatuko dute Xabier Artola irurarrak eta Idoia Besada pasaitarrak, bosgarren lekuan.

18:00etan hasiko da txapelketa eta, urteurrenaren berezitasuna medio, Seguran egun osoko festa izango da dantzaren inguruan. Estreinakoz, gainera, sarrera aurrez eskuratzeko aukera izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!