[Gutuna] 'www.arantza-sos.eus'

Manex Castro Aitor Agirrebarrena 2016ko urr. 14a, 11:58

Imajina ezazue. Arantza zara, neska bat, bistan denez. Puerto III espetxeko bakartze moduluan zaude, isolamenduan. Han dauden guztiak gizonezkoak dira, zu izan ezik.

Goizeko 7.45 zure ziegako (10 m2) atean dagoen leihatila altxatzen da, gizonezko baten bi begi ikusten dira “zure bila”. Zuk zutik egon behar duzu (pijamaz edo!), berak “onik” zaudela egiazta dezan. Badoa 8.15 edo, atea irekitzen da. Espetxe-zain bat eta “ordenantza” bat (espetxezainen konfiantzazko presoak dira ordenantzak) euren laguntzaileak. Biak gizonezkoak, ziega garbitzeko tresneria ematen dizute, gosaria ere bai. Lau hitz ozta-ozta, patiora aterako zaren edo ez esateko eta dendatik zer behar duzun adierazteko, edo artaziak eskatzeko.

9.15 inguru, patiora. Ziegako atea zeharkatu, 10 pauso, emakumezko espetxezain bat duzu zain. Berak egingo dizu ukimenezko miaketa, bai, baina beste 3 edo 4 gizonezkoren begiradapean. Poltsan ateratzen duzuna begiratuko dute eta badoaz. Artean, normalean hitz bat ere ez, “egun on” bat akaso. Ondo-ondoan dagoen patiora ateratzen zara. Bakarrik zaude, eta bakarrik emango duzu goiz osoa. Patioa 8x7 metrokoa da, hormek 5 bat metroko altuera dute, goian metalezko sarea dago. Meteorologiaren arabera, eguzki argia batzuetan apenas sartzen da. Horixe da zure kaiola. Komun txiki bat ere badago, aterik ez duena. Patioa eta ondoan dagoen gela (pare bat aulki eta mahai bat), etengabean daude kontrolpean kameren bitartez. Intimitaterik ez beraz. Kamerak ikuskatzen dituztenak gizonezkoak. Hor ematen duzu goiza, kirola nola edo hala eginez eta eskerrak gaur goizez atera zaren! Atzo arratsaldez atera zinen eta bihar berriro arratsaldez egokituko zaizu. Goiza ziegan emanez gero, ziegaren gainean dagoen aire-eragingailuaren motorrak burrunba etengabea egiten du, 8.00etatik 14.00ak arte, buruan mailukatzen zaitu eta edozer egitea zailtzen dizu.

Goizean zehar bi une berezi. Batean, ordenantza eta espetxezain bat etorriko zaizkizu, dendatik eskatutakoa ekartzera, agian baita prentsa atzeratua ere. Eman eta jaso, besterik ez, ordenantzek erdi debekatuta baitute presoekin hitz egitea, gainera zuk ez duzu eurekin harreman handirik. Zurrumurrua da haietako batzuk emakumeen aurkako indarkeria medio izan direla zigortuak. Modulu honetan nagusi dira giro matxista eta bortitza. Bigarrena bai dela berezia, espetxezainak eskuragarri daudenean, telefonoz deitzera eramango zaituzte (astean 5 minutuko 8 dei dituzu) zure patiotik 5 metrora dagoen telefonora. Etxekoekin hitz egin, belarriak goxatu, eta atzera patiora. 4 orduak pasa dira, 13.15, ziegara zoaz bueltan. Hor emango duzu gaurko gainontzeko denbora, eta biharko goiza. Tarteka gizaki-mutuak ikusiko dituzu, espetxezain berdinak eta ordenantzak: bazkaria eta afaria emateko ziegako atea ireki ere egin gabe, azkenik gauean berriro zutik jarrita hor zaudela ikusteko.

Noizbehinka neska bat ekartzen dute zure ondoko ziega horietako batera, zigor-egun gutxi batzuk emateko. Baina ez zarete patiora elkarrekin aterako. Afian lehioz leiho mintzatuko zarete, baina maiz zaila da emakume horiekin (botikapean daude) ganorazko elkarrizketa bat izatea.

Noizbehinka patiora atera eta gero, espetxezain bat sartuko da zure ziegan, batzuetan kuxkuxeatzera, beste batzuetan miaketa sakon bat egitera, zure ondasun apurrak (gutunak, argazkiak, barruko arropa…) arakatu eta gauzak toki berean uzten saiatzen dira.

Errutina suntsitzaile horretan, larunbatak! Bisita eguna, ziegatik atera eta 20 metrora dauden mintzatokietara eramango zaituzte. 40 minutuko bisita (90 aurrez aurrekoa bada) eta atzera ziegara.

Aitor Agirrebarrena eta Manex Castro, Puerto III-ko Euskal Preso Pollitikoen Kolektiboko kideen izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!