Faxismoaren aurkako euskal erresistentziaren lehen mugarria

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 8a, 08:00

Saseta defentsa sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburuaz aritu dira Karlos Almorza eta Jabi Buces egileak hiru herrietan egindako aurkezpen ekitaldietan

Garai ilun, garai gordin; garai zail ta desatsegin; ta ordukoak kontatzeari, behar zaio ekin. Nahiz eta orain eman min, kontuak zabaldu arin, berriro ere, horrelakorik gertatu ez dadin”. Haritz Mujika, Asteasuko bertsolariak, herrian egindako Saseta defentsa sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburuaren aurkezpen ekitaldian botatako bertsoa da.

 

2013tik egindako dokumentazio lana, antolatu diren auzolandegietako aztarnak eta jasotako testigantzekin osatu dute liburua Jabi Buces eta Karlos Almorza, Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Libururako testigantza eman zuten asteasuarrak omendu nahi izan zituen udalak urriaren 4an egindako aurkezpen ekitaldian. Horien artean daude Txomin Usandizaga Aranburu Pipasen ondorengoak.

 

 

Itziar alabak hitz egin nahi izan zuen bertaratutakoen aurrean: “Gaur hemen egiten ari garena justizia egitea da. Aitak gorriak pasatakoa zen eta horrek eragina izan du guregan. Zigortuak izan gara, behin gerra pasata ere”. Itziarren aita zenak, Txomin Usandizagak, Andazarraten lubakiak egiten lagundu zuen. Ondoren Saseta batailoian parte hartu eta faxisten eskuetan erori ondoren lau urte eman zituen espetxean. Ibiya baserriko semea zen Txomin eta bere ama zena, “amona Genoveva, 45 urte zituela eta zortzi seme-alaben ama zela atxilotu zuten gudariei lagundu eta janaria emateagatik. Lau hilabetez espetxeratu zuten”. Itziarren osaba-izebek ere errepresio latza jasan zuten, "Gorogoina baserriko osaba fusilatu egin zuten. Izebei ilea moztu eta Asteasu eta Villabonako kaleetatik ibilarazi zituzten, umiliatzeko asmoz”. Usandizaga familiak poz handia duela nabarmendu zuen Itziarrek: “jende honek borroka egin zuen justizia baten alde eta duintasun osoaz aritu ziren. Gure oroimenean hori geratu da, euren duintasuna. Guk ere horrela jarraituko dugu, lepoan hartu eta segi aurrera!”.

 

Aranzadi zientzia elkartea arduratu da Saseta defentsa sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburua publikatzeaz eta Tolosaldea Historia bildumaren 20. alea da. Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek sustatu dute argitalpena eta Bucesek eta Almorzak hiru herrietan egin diren aurkezpenak baliatu dituzte liburuaren ildo nagusiak azaltzeko.

 

Lehenik eta behin, bukatu gabeko lana dela aipatu dute egileek. Aurrerapen asko egin dituzte ikerketan eta aurkikuntza asko topatu, “baina oraindik era badago zer argitu”. Zentzu horretan, proiektua abiarazten lagundu zuten herritarren aitortza egin nahi izan du Almorzak. Besteak beste, lubakiak lokalizatzen lagundu zuten Joxe Aburuza adunarra, eta Angel Usabiaga Malli zizurkildarra izan ditu gogoan eta aitortza egin die Teodoro Hernandorena elkarteari, Mila Iztuetari eta Xabier Lasari (azken hauek Herio, 1936 lana kaleratu zuten Maria Angeles Uzkudunekin edukitako elkarrizketak jasoz). “Ez gara, beraz, hutsetik abiatu, aurretik bazegoen lan bat egina”.

 

 

Gaur gauza gehiago dakizkite. Ikertzaileak konturatu dira, garai hartako egunkarietan esaten zenak, frankisten buruzagi militarrek idatzi zituztenak eta auzolandegietan urteotan topatu dituzten aztarnek bat egiten dutela. “Historiak eta arkeologiak bat egiten dute hemen”, esan du Almorzak.

 

Altxamenduari aurre egiteko grinaz

 

1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistaren ondoren, uztailaren 27an, Bigarren Errepublikaren aldeko indar guztiak batzeko asmoz sortu zen Gipuzkoako Defentsa Batzordea. Momentuko agintariak ordezkatu eta botere berri bihurtu zen, probintziako mugetan gertatu zitezkeen gatazkei aurre egiteko. Gipuzkoako Defentsaren mende zeuden beste bi erakunde sortu ziren handik gutxira, Eibarko Defentsa Batzordea eta Azpeitikoa. Azken hau, abuztuaren 5ean sortu zen eta euskal nazionalismoko sindikatu, mugimendu eta alderdi politikoak batu ziren bertara: EAJ, EAE-ANV, ELA-STV, Euzko Nekazarien Bazkuna (ENB) eta Gipuzkoako Mendigoizale Batzak (GMB).

 

1.280 lagun izan zituen nominan Azpeitiko Komandantziak. Bereziki Gipuzkoako, baina Bizkaiko eta Arabako ehunka miliziano errekrutatu zituzten eta Kandido Saseta kapitaina milizien komandante-buru izendatu zuten. “Hiru fusil baino ez zituzten hasieran. Ia bitartekorik gabe jardun zuten, milaka militar kolpista eta paramilitar ultraeskuindarrei aurre eginez”.

 

Balentria handia egin zuten gudari horiek, 34 egunez eutsi baitzieten Francoren aldeko indarrei. “Erasoko lana baino gehiago, erresistentziakoa egin zuten”. Sasetak defentsa-sistema ezarri zuen Andatzako mendigunean eta Aduna, Asteasu eta Zizurkil garrantzi estrategiko handiko toki bihurtu ziren Gipuzkoako lurraldea defendatzeko garaian. Oso denbora gutxian, Belkoain mendiko tontorreko ekialdeko muturretik mendebaldeko mugara eta Andazarrateko gaineko hegoaldeko eremura arte luzatzen zen defentsa sistema antolatu zuen Sasetak.

 

Zelatun, Iturrioz, Andazarrate, Santa Marina ermita, Irumuño, Zarateaitz, Zarateko Benta eta Mareamendi inguruneak biltzen ditu Saseta defentsa-sistemak. Ingurune guztiak elkarri lotuta zeuden eta Renoko unibertsitatean aurkitutako dokumentuei esker ikerlariek jakin dute nola egiten zen frontearen hornikuntza eta nola igotzen zituzten gudariak, autobusez Andazarratera. Azken urteotan egindako indusketa arkeologikoen bidez, lubaki horien zati bat berreskuratu eta gudarien tresna batzuk eta material belikoa jaso da.

 

Zarateaitzeko magalean, Asteasuko lurretan, zuhaitzetan egindako grabatuak ere topatu dituzte. “Grabatuen eta 36ko gerrarekin lotuta eremu hartako okupazio-faseen arteko erlazioaren bila ari gara. Idazkun horiekin lotutako dokumenturik eta zuzeneko testigantzarik ez dagoenez, bereziki zaila da haiek interpretatzea. Hipotesi moduan, mapa mota baten irudikapena dela bota dezakegu, P.O. letrekin (jerga militarrean, Punto de Observacion esan nahi dute hizki horiek). Itxuraz, grabatu bakoitzean zeuden eta kokapen ezberdinekin; beraz baliteke orientazioren bat adieraztea”. Bakarrak izan daitezke Euskal Herri osoan zuhaitzetan egindako inskripzioak.

 

Frontean hildako lehenak

 

Borroka latzak izan ziren Andatzako frontean, “gau bakar batean 250 kanoikada jaso zituztela ere esaten du dokumentu batek”. Fronte guztian 100 lagun inguru hil zirela kalkulatzen dute ikertzaileek eta hori dokumentatu nahian dabiltza orain. Mikel Alberdi tolosarra izan zen Azpeitiko Komandantziak galdu zuen lehen gudaria, 1936ko abuztuaren 16an, Bidanian.

 

Borrokan ari zirela, Asteasu eta Zizurkilgo lurretan hil ziren, EAJ-PNVko eta EAE-ANVko lehen militanteak, hurrenez hurren. Jose Aranara Irastorza, gatazkan hildako ANVko lehen gudaria, Zarateko Benta defendatzen ari zela hil zuten. Bere gorpua Polloen (Donostia) dago lurperatuta, hainbat itzuli eman eta gero. «Bere senitartekoekin egon gara, eta Donostiara iritsi bitartean hilotzak egin zuen bidearen berri eman digute», aipatu du Almorzak.

 

Enfrentamenduetan hildako EAJko lehen militantearen arrastorik ez dago ordea. Azkoitiarra zen jaiotzez Jose Joakin Egaña Uria. Euzkadi egunkariak eman zuen gudariaren heriotzaren berri, 1936ko irailaren 5ean eta hiru egun lehenago Santa Marina ermitan gertatutako erasoaldi bati egiten dio erreferentzia. Aranzadiko ikertzaileek argitu dutenez, “1971n Joseba Elosegik ermita inguruan izan zen borrokaldia kontatu zuen eta buruan jasotako tiro baten eraginez zauritutako gudari bat aipatzen zuen. Jose Joakin Egaña izan litekeela uste dugu”. Zauritua Asteasura jaitsi zutela pentsatzen dute Almorzak eta Bucesek eta han galdu zela bere arrastoa. “Zantzu batzuk baditugu, baina ez dakigu zehatz non eman zioten lur”.

 

Abuztu bukaeran Belkoain galdutakoan, Sasetaren mutilek Zarateaitz mendian ezarri zuten aginte-kuartela eta erreketeen tropen hainbat eraso eragotzi zituzten abuztuaren 29tik irailaren 18ra. Denbora tarte horretan hondarribiarrak antolatutako erresistentziak, kolpistek eragindako erasoaldia eustea lortu zuen, irailaren 13an, altxatutakoek Donostia konkistatu zuten arte. Handik aurrera gertakariak azkar jazo ziren. Hilaren 19an, Andazarrateko eremua hartu eta honenbestez, defentsa-sistemako mendebaldeko mutur osoa bereganatu zuten altxatutakoek. Hernion eman zuen Sasetak erretiratzeko agindua.

 

 

Hilabetez eutsi zioten gudari horien balentria ezagutzera eman nahi dute Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo udalek kaleratutako liburuarekin. 36ko gerraren testuinguruan, Euskal Herriko erresistentzia antifaxista esanguratsua izan zen, Peña Lemoa edo Elgetako Intxorta mendietan esate baterako. Baina Aranzadi zientzia elkartea burutzen ari den lanak erakusten du Andatzako magalean ezarritako defentsa-sistemak, altxamendu militarraren aurkako euskal erresistentziaren lehen harria jarri zuela. “Memoria historikoan ahaztuta egon den tokia den arren, borroka handiak gertatu ziren, biktima ugari eragin zituen eta eremu honetako biztanleen eguneroko bizitza hautsi zuten. Toki honetan hil ziren ANVko eta EAJko lehen borrokalariak. Horregatik guztiagatik da garrantzizkoa hemen gertatu zena”.

 

34 egun haiek erabakigarriak izan ziren. Handik egun gutxira, (urriaren 1ean eta gerra hasita zegoela) Valentzian eratutako Espainiako Bigarren Errepublikako gorteek Euskadiko lehen autonomia estatutua onartu zuten eta, besteak beste, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo mendietan gudari haiek eutsi ziotelako, zin egin ahal izan zuen Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua, Gernikan, urriaren 7an.

 

80 urte geroago osatzen ari garen errelatoan, gure eskualdeak badu partea.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!