Ofizioa arte bihurtuta

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 6a, 15:05

Jesus Vallejoren egur lanen erakusketa ikusi daiteke Tolosako Aranburu jauregian urriaren 29a arte. Bertako artisautza erakustea da bere nahia, eta zizelkatzearen artea galtzen ari dela ohartarazi du.

Modelogile ofizioa ikastearekin batera ikasi zuen Jesus Vallejok egurra lantzen. Berrobin jaioa, hilabete gutxi zituela Tolosara joan zen bizitzera bere familia eta azken ia 40 urteak Amezketan igaro ditu. Hamalau urte zituela modelogile ofizioa ikasten hasi zen Sorarrain enpresan. «Txirbila jasotzen hasi nintzen eta ofizioan ikasiz lehen mailako ofizial izatera iritsi nintzen», azaldu du Vallejok. Osasun arazoengatik orain 13 bat urte lana utzi beharra izan zuen, eta egur lanak egiteari ekin zion. «Bizitza guztian eskuz lan egin dut, garai horretan horrela egiten zutelako lan modelogileek. Gaur egun zenbakizko kontrol makinekin asko jaitsi da eskuz lana egitea», esan du Vallejok. Lanean ikasitako guztia orain aisian jartzen du praktikan.

Ehundik gora obra egin ditu Vallejok erretiroa hartu zuenetik eta horietako gehienak ikusgai daude Tolosako Aranburu jauregian jarri duen erakusketan. Urriaren 29a arte egongo da zabalik eta asteartetik larunbatera ikusi daiteke, 17:30etik 20:30era. «Modelogileak modelo ezberdinak egiten dituenez, zizelkatzen hasi nintzenean ere joera hori hartu nuen, gauza ezberdinak egitearena. Ni ezin naiz aritu denbora guztian kutxak egiten», esan du Vallejok. Erakusketan erlojuak, kutxak, koadroak, argizaiolak... daude.

Ordu asko eskatzen duten lanak ditu erakusketan, baina Vallejok dio ez duela denboran pentsatzen zizelkatzen ari denean: «Bi eguneko lana bada, bi egun, 25 badira, 25. Behar duen denbora hartzen dut». Eta ez du lan bakarra egiten aldi berean: «Aldatzea gustatzen zait. Bestela, lan bakar batekin arituz gero denbora guztian, aspertzeko eta akatsen bat egiteko arriskua izaten da. Pazientziarekin egiten dut lana eta ez dut sekula obrarik bota zaborrera».

Lehenengo beti paper gainean egiten du lan. «Modelogileek lehenengo planoan egiten dute eta nik horrela ikasi nuenez, horrela egin dut», dio artisauak. «Koadroak egiterakoan, argazkiak ateratzen ditut eta gero horren arabera joaten naiz egurra zizelkatzen». Kutxetan egiten dituen irudiak lehenengo paperean sortzen ditu eta gero, gustatzen bazaio, egurrera eramaten ditu eta ondoren hasten da egurra lantzen. «Egurrean zuzenean hasten banaiz, paperean egin gabe aurretik, eta gero ikusten badut ez duela balio, egurra dagoeneko izorratu dut eta horrek ez du atzera bueltarik. Denbora dudanez, dena oso ondo prestatzea gustatzen zait egurrean lanean hasi aurretik».

AMEZKETAREN PRESENTZIA

Bere bizilekua den herriarekin lotutako hainbat lan egin ditu, tartean koadroak. Bereziki aipagarria da San Bartolome elizarena. Xehetasun handikoa da, bere lan guztiak bezala, eta erliebearekin joko berezia egiten du perspektiba lortzeko. Udaletxearen eta Aralar mendilerroaren koadroak ere ikusgai daude erakusketan. Hainbat argizaiola ere egin ditu, Amezketan ohitura handia duten objektuak.

Erakusketan oso berezia den lan bat ere badago: eulia. Amezketarren ezizena baliatuz, Vallejok egurrezko eulia egin zuen eta horixe jaisten dute San Bartolome festei hasiera emateko. Azken urteotan, gainera, ohitura berezia sortu da: haurrek txupetea utzi nahi dutenean, euliaren azpian uzten dute. «Niretzako laudorio moduko bat da ohitura hori, eta ilusioa egiten dit», esan du Vallejok.

Zizelkatzerakoan ez du mailurik erabiltzen erremintak jotzeko, eskua erabiltzen du. «Eskarmentua dut, eta segurtasun handia eskuarekin. Horrelako lanetan, gainera, jakin behar da noiz geratu behar duzun, noraino jo behar duzun». Hori dena modelogile moduan ikasi zuen. «Esan daiteke zizelkari pixka bat arraroa naizela». Egurra lantzen duen eskarmentua dela eta, bere lanak xehetasun handikoak dira eta azken ukitua oso fina da. Ia beti amerikar haritza erabiltzen du lanerako. «Gogorragoa da lana egiteko, baina ohituta nago egur horrekin, eta sitsari hobeto eusten dio».

Vallejori «ilusio handia» egiten dio zizelkatzeak: «Batetik, lana ondo geratzeagatik. Bestetik, Euskal Herrian ez dago zizelkatzen duen jende asko. Hemengoa naiz, eta hemengo artisautza gustatzen zait. Eta lan hauek egiten ditut ikusteko zer egiten zen lehen, kutxak, adibidez, aspaldi egiten zirelako, eta gaur egun zer egiten den ere». Bereziki arduratzen dio jende gaztearengana iristea, «ikusi dezaten nolakoa zen eta den Euskal Herriko artisautza».

Hain justu, horregatik egiten du erakusketa Vallejok: «Nik lan guzti hauek saldu ditzaket eta dirua lortu, baina ez dut nahi hori. Jendeak lanak ikustea nahi dut». Artisautza mota hau galtzen doala nabarmendu du: «Tolosan ez dago egur lanen ikastarorik. Lehen izan zen, baina egun ez dago. Inork ez baditu horrelako lanak egiten, denborarekin galdu egingo da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!