Arimen gauari buruzko ikerketan parte hartzeko gonbita egin dute

Ataria 2016ko urriaren 6a

Josu Ozaitak eta Jaime Altunak laguntza eskatu eskatu dute antropologia ikerketa burutzeko.

Josu Ozaita baliarraindarrak eta Jaime Altuna Hondarribian bizi den billabonatarrak Eibarko Juan San Martin beka eskuratu zuten ondorengo lana burutzeko: Halloween edo Gau Beltzaren ospakizunaren inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta bertako partaideen bizipen, diskurtso eta praktiken azterketa. 2016ko urtarrilean hasi eta 2017ko ekainean izango da aurkeztua. Ikerketa horretarako laguntza eskatu dute, Crowdfunding antropologikoa deitu dioten egitasmoaren bitartez.

Ozaitak azaldu duenez, «ikusten genuen azken urteetan Halloween festa asko zabaltzen ari zela, eta nolabait tradizio bat sortzen ari direla haurrak. Komunikabideetan azkeneko urte hauetan azaltzen ari da aurreko mendearen hasieran ohitura bazela kalabazak baratzetan lapurtu, aurpegiak egin, kandelak jarri eta bidegurutzetan jendea beldurtzeko ipintzekoa. Horren ingurua pixka bat sakondu nahi genuen ikerketa lan horrekin».

Ikertzen ari diren gai horrekiko interesa duenak bi aukera ditu ekarpena egiteko. Batetik, elkarrizketa bat egin haur bikote-hirukote bati (7 eta 12 urte bitartean) eta transkribatu, eta urriaren 31 iluntzean behaketa bat norberaren herrian. Bestetik, elkarrizketa bat egin heldu bati (70 urtetik gora) eta transkribatu, eta urriaren 31 iluntzean behaketa bat norbere herrian. Galdetegia eta jarraitu beharreko irizpideak Ozaitak eta Altunak bidaliko dizkiete interesdunei elkarrizketa eta behaketa egin ahal izateko. Dagoeneko sei pertsonek lagunduko dietela azaldu dute.

Ikerketan parte hartzen dutenek «gizartearentzat interesgarria den ikerketa batean bere aletxoa ipini» ahalko dute. «Ikerketa honen parte izango dira, eta parte hartzaile guztiak batera agertuko dira ikerketaren orri batean», azaldu du Ozaitak. Bestetik, gonbidapena jasoko dute lanari buruz burutuko diren aurkezpenetara eta ondorengo meriendatxora joateko. Interesdunek jozaita001@gmail.com helbidera bidali dezakete mezua, informazio gehiago jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!