Hainbat ekintza, eskualdeko gazte asanbladen eskutik

Ataria 2016ko urr. 5a, 13:47

Irudian, eskualdeko Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen arteko topaketak.

Astebururako hainbat ekintza antolatu dituzte Villabonako, Anoetako eta Ibarrako gazte asanbladek: batzar zabala, mikromatxismoaren inguruko tailerra eta hausnarketa txokoa, besteak beste.

Gazteen batzar zabala eta parrila jatea, Ibarran

Gazte Festak eta Gazte Egunak izandako arrakasta ikusita, Ibarrako Gazte Asanbladako kideek dei egin diete jai horien antolakuntzan laguntzen egon zirenei ostiraleko batzarrean parte hartzeko.

Ostiralean, urriak 7, batzar zabala egingo dute 18:00etan. Ondoren, parrila jatea egingo dute; gaztetxean eman behar da izena eta 5 euro ordaindu.

Mikromatxismoen inguruko tailerra eta mozorro gaua, Onddoren eskutik

Onddo Gazte Asanbladako kideek aurreko astean ekin zieten asanbladei eta "herriari bizitasun pixka bat emateko asmotan" hainbat ekimen antolatu dituzte.

Larunbat goizean, urriak 8, mikromatxismoari buruzko tailerra egingo dute gaztetxean, 11:00etan. 17:00etan, kedada egingo dute gaztetxean eta 21:00etan zahagiardoa antolatu dute. Gauean, mozorro gaua izango da: "sorpresaz beteriko gaua" izango dela hitz eman dute gazte asanbladako kideek, eta DJ Gatxete ardutatuko da giroa jartzeaz. 

Anoetan, hausnarketa-txokoa

Anoeta Gazte Asanbladako kideek hausnarketa txokoa jarri dute martxan ikasturte honetan. Ekimen horren helburua da hainbat gairen inguruko hausnarketa saioak eta formakuntza-saioak antolatzea ikasturtean zehar. 

Ostiral honetan, urriak 7, gaztetxearen inguruko funtzionamenduaren inguruan hausnartuko dute; 17:00etan hasiko da batzarra. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!