Javi Saldise fitxatu du Ibarra Lauburuk

Asier Imaz 2016ko urr. 4a, 11:36

Ibarrako Lauburu areto futbol taldeak jokalari berri bati ongietorria eman dio: Javi Saldiseri. Nafarra Italiako bigarren mailan ari zen jokatzen, Virtus Noicattaro taldean.

24 urte egin berri dituen jokalaria Irurtzungoa da izatez, eta eskualdera hilabete «zailak» igaro ondoren iritsi da, Lauburutik azaldu dutenez: 2015eko udan, Xotarekin, Lehenengo Mailan debutatu ondoren, protagonismo handiago baten bila, maletak egin eta Zamoran, Bigarren Mailan, hasi zen jokatzen. Kirol arloan garai arrakastatsua izan zen, minutuak eta golak pilatuz joan baitzen Saldise. Baina kirolarekin zerikusik ez duten gaietan oso garai zaila bizitu zuen. Zorrak medio, taldea  2015eko abenduan desagertu zen.


Beste taldeetan jolasteko eskaintzak segituan iritsi zitzaizkion nafarrari, eta Errumaniako Lehen Mailan dagoen KSE Targu Secuiesc taldekoa onartzea erabaki zuen. Bertan, Igor Etxarri eta Andoni Carlosenak, bere kide ohiek jokatzen zuten. Egun,  Carlosena ere Lauburun ari da jokatzen. Errumanian, kirol mailan arrakasta izan zuten, Play Off-etara iritsiz, baina beste aldetik, taldearen ezegonkortasuna eta ordainketa arazoak jasan behar izan zituzten. Horrek, denboraldi amaieran, hiru gazteen irteera eragin zuen.


Jo luzea duen jokalari ezkerra da Saldise, atea ikusteko erraztasuna duena. «Ezagutzen dutenak bere giza-kalitatea azpimarratzen dute, bere lehiakortasunarekin batera. Ezaugarri guzti hauek hazten doan lantaldea osatzeko balioko dute eta Javik ekarpen asko egingo ditu. Lehenengo Maila Nazionala probatu duen jokalari bat da, azken finean», gogoratu dute Lauburutik, fitxaketa berriari ongietorria ematerakoan.


Errege eta federazio kopa
Tolosa Eskubaloiak historian lehen aldiz Errege Kopako partida jokatu zuen larunbatean. Zamora izan zuen aurkari, eta hiru hutsune nabarmen izan arren, urdinek maila eman zuten. Asteburu honetan berriro helduko diote ligari, Teucron.


Tolosa CF futbol taldeak bere aldetik, Federazio Kopako partida jokatu zuen iragan astean, Gasteizen. Alaves B taldearen aurka 3-1 galdu zuten urdinek. Emaitza horrekin tolosarrak kopatik kanpo gelditu dira, etxean 3-2 irabazi zuten arren. Partida berdintzea ere lortu zuten tolosarrek, baina azken minutuetan, etxekoek bi gol sartu zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!