Literatura, plazeraren iturri

Ataria 2016ko ira. 30a, 11:24

Iazko ikasturtean Berastegin egindako Liburuen Altxorra egitasmoaren saioa.

Gipuzkoako hainbat eskola txikietara iristen den Liburuen Altxorra kanpaina abian jarriko da Bidania-Goiatzen.

Galtzagorri elkarteak bultzatuta, aurten ere Liburuen Altxorra kanpaina jarriko da martxan. Hain justu, astelehenean Bidania-Goiazko Txinkorta eskolan hasiko du ibilbidea eta datorren astean Altzon eta Lizartzan izango da. Imanol Mercero egitasmoaren dinamizatzaileak azaldu du Liburuen Altxorra proiektuaren helburua: «Haurren irakurzaletasuna bultzatzea da helburu nagusia. Plazera bilatzea literaturaren bidez».

Kanpainak Liburuen Altxorra izena du Gipuzkoan eta Liburu Ibiltariak Bizkaian. Eskola txikietara joaten dira, eta aurten Gipuzkoan 30 ingurura joango dira, horietatik asko Tolosaldekoak. «Galtzagorri elkarteak hainbat egitasmo ditu haur literaturari lotuak eta horietako bat eskola txikietan sumatzen zen hutsunea betetzea», azaldu du Mercerok. «Eskola txikiak baliabidez ez dira soberan ibiltzen, eta liburutegi ibiltari batzuen bidez nahi genuen hutsune hori bete, eta beste herri handietako haurrek dituzten baliabideetara hurbildu».

Merceroren egitekoa liburutegi ibiltari horiek eskola batetik bestera eramatea da. Horrez gain, liburuen aurkezpena egiten dio eskolako komunitate guztiari. «Nire helburua amua botatzea da», azaldu du. «Liburuen aurkezpena egitean, adinaren arabera edo gustuaren arabera ikusi zein izan daitekeen amu hori, horrela liburutegia bertan dagoen bitartean haurrak harrapatzeko».

Galtzagorritik aukeratzen dituzte Liburuen Altxorra proiekturako argitalpenak. «Boluntario talde bat hilero elkartzen gara eta urtean zehar argitaratzen den guztia irakurtzen dugu sistematikoki. Eta hortik entresaka moduko bat egiten dugu eta urteko libururik onenak-edo iruditzen zaizkigunak poliki-poliki liburutegi honetara eransten ditugu», azaldu du Mercerok. Urtero liburutegi ibiltarietan dauden liburuetatik herena berriak izaten saiatzen dira.

Behin liburutegi ibiltaria eskola batera iristerakoan, hilabete batez bertan izango da. Irakasleek proposatzen dizkiete ikasleei liburutegia erabiltzeko dinamikak. «Galtzagorritik proposatzen zaie, eta normalean hori egiten dute, mailegu sistematxo bat erabiltzea, etxera eramateko aukera ere izateko, eta etxean lasaiago eta familian ere irakurri ahal izateko», esan du Mercerok.

Irakurzaletasuna areagotu

Ikasleen artean Liburuen Altxorrak harrera ona duela dio Mercerok: «Haurrak haur diren bitartean gehientsuenek literatura maite dute eta irrikaz hartzen dituzte proposamenak». Oro har ikasturte bukaeran balantze «baikorrak edo are positiboagoak» izaten direla gaineratu du. «Normalean, liburuen kutxa eskolan dagoen bitartean irakurketa indizeak igo egiten dira, eta normalean libururik irakurtzen ez duenak ere esku artean pare bat izaten ditu, eta berez liburuzalea denak asko erabiltzen du; dozena bat ere irakurri dituela esaten du baten batek».

Irakasleentzako ere «baliabide interesgarria» dela uste du Mercerok: «Estimatua da irakasleen aldetik, eta Galtzagorriren aldetik ere euren harrera eskertzeko modukoa da, beti oso ondo hartzen baikaituzte. Konplizitate giro bat dago irakasleen eta gure artean, eta hori oso seinale ona da». Mercerok gaineratu duenez, kanpaina «eraginkorra» da: «Sekula ez da egin azterketa zientifiko bat, onura zenbatekoa den zehazteko, baina bestela ere begiz garbi esan daiteke irakurzaletasuna areagotu egiten dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!