Erakutsiz ikasi

Ikasleak ere kazetari

Ataria 2016ko urriaren 3a

2015eko urte amaieran hasi zen TOLOSALDEKO ATARIA eskualdeko hainbat ikastetxerekin elkartu eta lankidetza aukerak aztertzen. Proiektuari forma eman ostean, 2016-2017 ikasturtean gauzatuko da Erakutsiz Ikasi egitasmoa.

Ikasleen ikasketa prozesuan txertatu nahi du TOLOSALDEKO ATARIA hedabide multimediak. Horrela, adin ezberdinetako ikasleek idazmena eta ahozkotasuna landuko dituzte, eta beraien trebetasun eta lanak erakutsi ahal izango dituzte bai ostiraletan argitaratzen den astekarian eta baita irratian 107.6 fm-an ere.

Ikastetxean ikasleek landutako gaiak argitaratuko dira: elkarrizketak, erreportajeak, bertsoak, poema, ipuinak, etab. Modu honetan, hizkuntza eta komunikazio gaitasunak landu, garatu eta jendarteratuko dituzte ikasleek.

Lehen Hezkuntza, Derrigorreko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Erdi eta Goi mailako ikasleen lanak argitaratuko dira astekarian, hamabostean behin.

Irratian ere, 'Erakutsiz ikasi'

ATARIA irratian ere ikastetxe bakoitzak bere tokia izango du. Astez aste, ikasleek eginiko 10-15 minutuko saioak entzun ahal izango dira, ostegunero. Kasu honetan ere, ikasleak gelan lantzen ari diren gaien inguruko berriak edota ikasleak protagonista izango diren beste hainbat kontu ere, esaterako, irrati nobelak entzun ahal izango dira.

Ekoitzitako guztia www.ataria.info webgunean izango da eskuragarri; horretarako sortuko den atal berezian eta baita gaien arteko hezkuntza alorrean ere.

Honez gain, aurreko urtetik martxan diren bisita gidatuez ere gozatu ahal izango dute. TOLOSALDEKO ATARIAren erredakzioa barrutik ezagutzeko aukera izango dute, baita kazetariekin hitz egitekoa ere. Egunkaria eta astekaria nola egiten diren ikusiko dute eta irratian ere zuzen-zuzenean sartuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!