Gutuna: Candido Saseta eta armatutako erresistentzia antifaxista

Ataria 2016ko irailaren 30a

Josu Amilibia, Pili Legarra eta Joxe Mari Luengo, hurrenez hurren, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo alkateek gutuna kaleratu dute. Hona hemen:

Duela hiru urte, Adunak, Asteasuko eta Zizurkilgo udalek memoria historikoa berreskuratzeko lan egiteko erabakia hartu zuten. Bere historiaren iragan gertukoena ezagutzea zuen horrek helburu; hamarkada askoan, diktadura frankista eta trantsizio izeneko ahanztura kalkulatua ezkutatzen saiatu ziren iragan hura.

2013. urtetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen talde teknikoari eta hamarna gazte boluntariori esker, gure udalerrietako inguruko mendietan, faxismoaren aurkako euskal erresistentziarekin lotutako lubakiak berreskuratzen aritu gara. Candido Saseta hondarribiarrak sortu zuen defentsa sistema da.

Askok ezagutzen genituen, besteak beste, Intxortan edo Larrabetzuko eta Lemoako borroketan jazotako gertaerak. Euskal Herritik kanpo, zinemak eta liburuek erresistentzia belikoaren ehunka gertakari gerturatu izan digute askotan; kopuruari dagokionez gutxiago izanda ere, arerioari, inbaditzaileari, beren herriaren askatasunaren defentsan aurre egin zioten pertsonen gertakariak dira. Dena den, orain arte, euskaldunok ez dugu ezagutu herrikide haien balentria; ia armarik gabe, Oria ibaiaren ezkerraldean milaka militar kolpistek eta paramilitar ultraeskuindarrek aurrera egitea 34 egunez geldiaraztea lortu zuten.

Horregatik, ahanzturari galtzaileen ausardia kentzea eta duintasuna berreskuratzea sekulako poza da guretzat. Hala, agerian geratzen da egia ezagutzearekiko eta faxismoaren zapalkuntzaren aurka eta euskal herriaren askatasunen defentsan borroka egin zuten pertsona guztiekiko gure konpromiso utziezina. Helburua, beraz, ez da jarrera belikoa goraipatzea; bakearen eta askatasunaren bilaketa aldarrikatzea baizik. Aurrean armada faxista izanda, bake eta askatasun haiek gure herriaren bidezko defentsaren bidez bakarrik aldarrikatu ahal izan zituzten.

Hitz gutxitan esanda, datorren urriaren 4,5 eta 6an, Asteasun, Adunan eta Zizurkilen,  hurrenez hurren, aurkeztuko dugun liburuaren bidez  , Egia, Justizia eta Erreparazioa printzipioak geure egin nahi ditugu. Gure aitona-amonak oroitu nahi ditugu: borroka egin eta ondorengo diktadura frankista jasan zuten haiek. Hau da, gerra galdu ostean, lubakiez harago, etxeko bakardadean, eusteko gai izan ziren haiek. Umiliatu eta isilarazi egin zituzten haiek, baina inoiz memoria kentzea lortu ez zuten haiek.
Izan zirelako gara. Izango garelako izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!