«Oraindik lan handia dago egiteko», azaldu du Jose Luis Urdangarin Lehiberri zentroko kudeatzaileak. Langabeziaz ari da, eta Tolosaldeaz, bi ideia horiek uztartu eta suspertzera iritsiko den bideari hirugarrenez ekingo baitiote urrian, Enplegunearekin.
Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariarekin eta Jose Luis Maioz Lanbideko ordezkariarekin batera aurkeztu du aurtengo Enplegunea, eta Tolosaldeko zenbakiak zerrendatu ditu, ezer baino lehen. Abuztuan, langabezia %11,8koa zen eta horien artean erdiak baino gehiago emakumeak ziren. «Tolosaldeko langabetuaren erretratua egiten hasi beharko bagenu, honako ezaugarriak izango lituzke: 55 eta 60 urte bitarteko emakumea, zerbitzuen sektoretik datorrena eta kualifikaziorik gabeko lanaren bila ari dena, iraupen luzerako», azaldu du Urdangarinek.
28 herritako errealitatea izanagatik, ordea, «Tolosaldea Gipuzkoako ispilu» dela dio Urdangarinek, udan sinatutako 1.225 lan kontratuetatik %93 behin-behinekoak zirela nabarmenduz. «Azken hiru urteotako bilakaera oso ona da, baina egoera kezkagarria da oraindik, eta horri erantzuten jarraituko du Enpleguneak».
Iturriak badu emaririk
Lanbideren eta eskualdeko 28 udalen arteko elkarlanak ahalbidetuko du hirugarren Enplegunea. 343.000 euroko aurrekontua baliatuz, gutxienez 54 lanpostu sortuko dituzte, sei hilabeterako. Horietatik 43 enpresa pribatuetan izango dira, eta beste 10 zentro berezietako lanpostuak izango dira. Behin sei hilabeteko epealdia igarotakoan, enpresak erabaki beharko du lanpostuari eutsiko dion edo ez.
Horren harira, aipatzekoa da iazko Enplegunean sorturiko lanpostuen %44 martxan direla oraindik; fruitu hori akuilu bilakatu zaie, beraz, antolatzaileei, egitasmoan sakontzen jarraitzeko.
Horretarako, Tolosaldea Garatzen Tolosaldeko enpresen beharrak zerrendatzen ari da orain, deialdiak osatzeko. Langabetuentzako informazio saioak, berriz, urriaren 11tik 19ra bitarte izango dira, Lehiberri zentroan. Aurreko bi aldietan bezalaxe, eskualdeko langabetuek lehentasuna izango dute Enplegunean, baldin eta Lanbiden izena emanda baldin badaude.
Bide beretik, eskualdeko enpresak izango dira diru laguntza jasoko dutenak, eta enplegu sorrera garbia egin beharko dute; alegia, ordezkapenak egiteko lan kontratuak baliogabeak izango dira proiektu honetan.