«Dixieland musikak errepertorio finko eta ezaguna du»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 28a, 08:03

Dixieland doinuak ekarri dituzte Tolosara Txaston Dixie Band taldeko kideek. Zortzi dira eta pixkanaka-pixkanaka kontzertuak pilatzen dabiltza. Musika mota honetako bertsioak jotzen dituzte. ATARIA Juanmi Calahorra eta Mikel Civicorekin bildu da. 

XX. mendeko New Orleanseko musika freskoa dakarki Txaston Dixie Band taldeko zortzikoteak. Doinu dantzagarriak jotzen dituzte eta dixieland musika izaki, haize instrumentuak dira nagusi. Partaide ia guztiak tolosarrak dira eta oraingoz kontzertuak eskaintzea eta ondo pasatzea da euren helburua. 2013an sortu zuten taldea eta lehen emanaldia TolosandBlues jaialdian eskaintzeko parada izan zuten. Ostiral honetan bertan Tolosako Karela tabernan ariko dira, 20:00etatik aurrera.

Zortzi kide, ez da gutxi.  
Juanmi Calahorra. Zazpi kide izan gara orain arte, zazpi hasi ginen orain dela hiru urte, baina orain gutxi, urte bete edo, abeslari bat gehitu da proiektura. Zortzi gara hortaz, nahikoa. Nik bateria jotzen dut, tuban Isitxo Larrañaga dago, gitarra eta banjoan Ander Zubillaga, saxo altuan Mikel Civico, Xabier Otamendi Forastero saxo tenorrean, Joseba Ruiz klarinetean eta Iñaki Aierbe tronboian. Abeslaria da azken fitxajea, Denis Ruiz.

Tolosarrak guztiak?
J. C.: Denak gara tolosarrak, Iñaki Aierbe izan ezik, ordiziarra dela. Baina Altzon bizi da eta lotura handia du Tolosarekin.
Mikel Civico: Lasartear bat ere badago taldean, Xabier Otamendi, Forastero.

Dixieland musika egiten duzuela esanda bati baino gehiagori ez zaio argi geratuko zer egiten duzuen, nola deskribatuko zenukete jotzen duzuen musika?
J. C.: Ez da erraza azaltzea. New Orleanseko (AEB) musika bat da, aurreko mende hasieran sortu zena, esaten da jazzaren erroak hor daudela. Pelikula zaharretan, 1920ko hamarkadan, musika hori asko entzuten da. Garai horretako musika da, baina atenporala dela ere esan daiteke, nolabait.
Jazza aipatu duzue eta inprobisazioa datorkigu burura, baina oraingoz ez duzue inprobisatzen, ezta?
M.C.: Oraingoz ez, baina horretan ari gara, egunen batean. Ez da erreza.
Txaston Dixie Band. Zergatik Txaston? Zergatik aukeratu zenuten izen hori?
J. C.: Guk taldeari Dixie deitzen diogu beti, baina izen bat aukeratu behar, eta hauxe aukeratu genuen. Hasiera batean Irurako errepideko tarte zuzen horretan garai batean zegoen diskotekan entseatzen genuen. Diskoteka horren izena hasiera batean Chaston zen eta hor hasi ginen bueltaka; txaston, txalston, txarleston... Badu lotura musikarekin eta horrekin geratu ginen, Txaston. 2013an izan zen hori.

Eta lehen kontzertua TolosandBlues jaialdian.
M.C.: Bertan estreinatu ginen bai. Oso urduri egon ginen, baina esperientzia hunkigarria izan zen.

Zein da zuen errepertorioa?
J. C.: Musika honek errepertorio finko eta ezaguna du, baina baita oso zabala ere. Abesti batzuk jende guztiak ezagutzen ditu. Abestia entzun eta segituan konturatzen da jendea entzun duela noizbait. Partitura asko dago honen inguruan, bertsio pilo-pilo bat Youtuben... Bertsio bat jotzen dugun bakoitzean, Youtuben sartu, eta abesti horrek pila bat bertsio dituela ikusten dugu. Guk aukeratutako bertsioak armonikoki nahiko aberatsak iruditzen zaizkigu eta oso gustura gaude.

Nola aukeratzen dituzue abestiak, denen artean aukeratzen dituzue?
M. C.: Taldean badira pare bat kide teknologia berrietan eta partiturak eskuratzen iaiogoak direnak eta beraiek aritzen dira horretan.
New Orleansen kalejirak dira oso ohikoak, gure txarangen antzera joaten dira jendea atzetik dantzan dutela, zuek ere horrela aritzen al zarete?
J. C.: Oraindik ez gara hasi horretan, egia da noizbait horretan hastea gustatuko litzaigukeela. Agian kalejiratxo batekin hasi, jendea gerturatzeko, eta gero kontzertua bertan eskainiz, baina oraindik ez gara kalejiratan hasi. Musika honek formatu asko ditu; kalekoa, emanaldi formalagoak, mugituz... Ez dugu alor hori landu oraindik. Oraindik partiturekin jotzen dugu, baina hurrengo urratsa hori izan daiteke.

Nola elkartu zineten?
J. C.: Baditugu bi musikari profesional, Ixitxo Larrañaga eta Iñigo Aierbe, eta horiek beti eduki omen dute hau buruan bueltaka, dixie musikarena, eta orain urte batzuk proiektu hau gauzatu nahi zutela erabaki, elkartu eta bati eta besteari deika hasi ziren. Nik Isitxorekin (Larrañaga) akordeoi orkestran jotzen dut eta deitu ninduen, Mikel (Civico) txaranga mundutik dator eta deitu zioten, baten batek ere instrumentua zorroan zeukan hautsa hartuz eta deitu zioten... Horrela joan ziren musikariak biltzen zazpikotea osatu arte.

Zein helburu dituzue?
M.C.: Emanaldietan ahalik eta txukunena aritzea eta ondo pasatzea. Astero-astero entseatzen dugu eta lan txukuna egiten saiatzen gara, baina ez gara profesionalak. Ander Zubillaga gitarra jotzailea profesionala da eta egia esan gugandik urruti dago zentzu horretan. Badaude Iñaki (Aierbe) eta Isitxo (Larrañaga) ere profesionalak direnak, baina ez talde honetan jotzen dituzten instrumentuekin. Hobby bezala hasi ziren instrumentu hauekin, tuba eta tronboiarekin, eta horretan ari dira, gu bezala, ikasten.
J. C.: Helburu utopikoa –parrez hasi dira biak–, ez dakit norbaitek buruan serio izango duen edo ez, New Orleansera joatea da. Sortzen dugun dirua biltzen joan eta etorkizunean bidaia egin nahi dugu. Hor dago helburua, ez dakit zer pasako den.

Larrañaga eta Aierbe taldea osatzeko musikari bila hasi eta euren deia jasotzerakoan, nola hartu zenuten?
M. C.: Sekulako interesarekin hartu genuen deia. Guretzako, niretzako behintzat, gauza berria zen, txaranga mundutik nator, eta sekulako interesarekin hartu nuen; gauza berria, jotzeko dibertigarria gainera... Gainera bakoitzak bere tartea du bakarkakoa egiteko, luze eta zabal aritzeko...

Ez dauka inongo zerikusirik txarangekin, beraz.
M. C.: Batere, ez du zerikusirik.
J. C.: Konplexuagoa da. Aberatsagoa da.
M.C.: Armonikoki konplexuagoa da eta partituratik ateratzea, niretzat behintzat, zailagoa da.

Entseguez aparte etxeko lan asko dituzue?
J. C.: Hasieran, hasierako kantak, gehiago kostatu zitzaizkigun, baina orain, errodajearekin, errazago egiten zaigu. 13 bat abesti ditugu prest eta nik esango nuke hartu diogula martxa eta errazago ikasten ditugula abestiak. Bakoitzak bere zailtasunak izango ditu, hala ere, noski.
M. C.: Partiturak irakurtzeko gaitasuna asko hobetu dugu eta errazago ateratzen zaizkigu abesti berriak.

Kontzertu asko izaten al dituzue?
J. C.: Zortzi izanda bakoitzak bere historiak ditu; lana, familia edo dena delakoa. Baina nahiko kontentu gaude. Iruñean Sanferminetan jo genuen eta Sanfermin Txikietan ere aritu ginen.
M. C.: Giran sartuta gaude erabat (kar, kar, kar). Tolosako Karela tabernan joko dugu ostiralean, eta Lasarten, Legazpin eta Donostiako Egian ere joko dugu.

Ahoz aho ari zarete ezagun egiten...
J. C.: Bai eta jendeak Facebook bidez ere izan du gure kontzertu batzuen berri. Oso kontentu gaude.

Oraingoz ez duzue ezer grabatu, ezta?
J. C.: Oraingoz ez dugu interesik jarri grabaketa kontuan. Kantu pare bat grabatzen hasi gara, baina aurkezpena egin ahal izateko, besterik gabe. Norbaitek egiten dugunaren inguruan zerbait entzun nahi badu, eskuartean zerbait edukitzeagatik.
M. C.: Kantaren bat gaur egun dauden euskarri digitaletan jarri nahi dugu; sare sozialetan eta horrelakoetan.

Doinu dantzagarriak dira zuenak, baina dantzan egiten al du jendeak?
M.C.: Normalean ez, dantzarako joerarik ez dago hemen. Sanferminetan animatu ziren dantzatzera.
J. C.: Inoiz ez dute dantzan egiten. Sanferminetan taberna baten aurrean jo genuen eta oso ondo pasa nuen, denak dantzan jarri genituen. Baina hori ez da ohikoena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!