«Blokeo egoera bati irtenbidea ematen saiatzen gara»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 22a, 09:03

Kinesiologiak oreka bilatzen laguntzen du. Hainbat teknika erabili daitezke helburua lortzeko, baina orokorrean errazak direla dio Gardotza Adurriaga terapeutak.

Terapia alternatiboen mundua oso zabala da. Asko dira ongizatea lortzeko dauden terapiak, batzuk oso ezagunak dira jada, akupuntura, yoga edota shiatsua kasu, baina badira horren ezagunak ez direnak. Kinesiologia da horietako bat eta funtsean oreka aurkitzen laguntzen du terapia errazen bidez.
Gardotza Adurriaga (Txarama, 1973) kinesiologoa da. Terapia honek adar asko dituela dio. Berak kinesiologia psikoenergetikoa lantzen du eta oreka lortuz gauzak askoz argiago ikusten direla nabarmendu du; «ikuspuntua aldatzen da, positiboago gaude... Mundua beste kolore batekin ikusten da». 

Zer da kinesiologia?
Gorputzean eman daitekeen blokeo egoera bati irtenbidea ematen saiatzen gara. Estres egoerengatik ematen dira askotan eta gu estres hori nolakoa den ikusten dugu. Giharren test bat egiten dugu eta emaitzaren bidez bezeroaren sistemarekin jartzen gara harremanetan. Estresa mota askotakoa izan daiteke; burukoa, energetikoa, fisikoa edo emozionala esaterako. Test horren bidez bezeroarekin harremanetan jarri eta gero, estresa bilatzen dugu, zein mailatan dagoen ikusten dugu, eta orduan, galderen bidez, erabili beharreko teknika zehatza bilatzen dugu. Teknikak erabiltzerako garaian oso garrantzitsua da baimena eskatzea, izan ere, pertsona berak esaten digu non daukan muga. Pertsona guztiak ez daude teknika guztiak jasotzeko prest. Baimenik gabe ezin dugu lan egin, behar bada oso barrura sartzen gara eta pertsona hori ez da horri buelta emateko gai. Gorputzak esaten digu nondik jo behar dugun.

Estresa eta blokeoa nondik sortu den identifikatzea da beraz, lehen pausoa, eta gero zer?
Estres hori askatu ahal izateko erabili beharreko teknika aukeratzen dugu. Teknika asko daude; batzuk lasaitzeko izan daitezke, beste batzuk aktiboago egoteko... Tartean beti sartzen dugu emozio bat, emozioek indar handia ematen baitiote orekatze guztiari. Lasaitzeko, esate baterako, teknika neurobaskularrak erabili ahal ditugu. Buruan puntu jakin batzuk bilatzen ditugu eta taupadak aurkitu arte hor mantentzen gara. Horrek pertsona lasaitzen du eta gauzak argiago ikusten ditu. Estresa askatzean orekatuago gaudela esan genezake.

Batez ere, estres arazoak lantzen dituzue, beraz.
Pertsona blokeatuta dagoenean ematen da estresa, hau da, energia ez doanean ondo. Nekatuta dagoenak, lo ondo egiten ez duenak, argaldu nahi duenak baina asmatzen ez duenak edota min fisikoa duenak ere blokatzea dauka. Mila blokeo daude.  Orokorrean ez garenean erabat ondo sentitzen ematen da egoera hori.

Zer egiten duzu saioetan?
Normalean sesio bat ordu eta laurdenekoa izaten da gehienez eta hasieran komeni da hiruzpalau sesio nahiko jarraian egitea blokeo hori askatu, eta kinesiologiak izan dezakeen eragina eta oreka sentitzeko.  
Helburuekin lan egitea ere oso garrantzitsua da. Saioak hasterakoan oso garrantzitsua da helburu bat jartzea. Saioa bukatu eta helburu hori betetzea posible dela ikustean terapiaren eragina ikusten da. Adibidez, beti oso nekatuta dagoen pertsona bati,  besterik ikusten ez duen bati, beste zerbait proposatzen diot: nekatuta egongo ez bazina zer egingo zenuke? Jo dezagun erantzuna dela egunero ordu erdiz mendira joatea, saio horretako helburua beraz, hori izango litzateke, egunero mendian ordu erdiz ibiltzea. Helburu bat jarri eta helburu horrekiko behar den oreka bilatuko genuke. Egoera horretatik estres maila zein den eta hori askatzeko zein teknika behar dugun aterako dugu. Lan horrekin emozio bat ere aterako dugu eta hortik milaka gauza egiteko aukera izango dugu.

Bezeroaren aldetik jarrera aktibo bat behar da, beraz.
Teknika batzuk ez dira horren aktiboak, baina jarrera aktiboa behar da. Pertsonari kontzientzia bat sorraraztea da gure lana, bizi dugunaren erantzuleak garela ikusi behar dugu. Askotan dugu joera erantzukizuna kanpora ateratzeko; lanean estres handia daukat eta ezin dut dieta egin, ezin naiz korri egitera joan hankan mina baitaukat...  

Nolatan sartu zinen kinesiologiaren munduan?
Kinesiologiaren erabiltzaile bezala hasi nintzen eta konturatu nintzen nigan kristoren eragina izan zuela. Nire terapeutari esaten nion ez nekiela zer egiten zidan, baina kableak aldatu zizkidala eta gauzak beste era batera ikusteko gai nintzela. Oso ondo sentitzen nintzen eta saio batean nengoela hitzaldi bat ematekoa zela jakin eta joatea erabaki nuen. Ondoren, Touch for Health oinarriko ikastaroa egin nuen, ikastaroak egiten jarraitu nuen eta gaur arte.

Nondik dator kinesiologia?
Berez 1970eko hamarkada inguruan sortu zen. Kiropraktiko talde bat hainbat teknika erabiltzen hasi zen kirolarien etekin fisikoa hobetzeko. John Thie konturatu zen teknika horiek oso errazak zirela eta gorputzak dezenteko aldaketa jasan ahal zuela. Oinarri hartatik lan asko egin da, hala ere, kinesiologiak adar asko baititu; fisikoa, emozionala...

Zuk adar emozionalaren aldeko apustua egin duzu,  zergatik?
Niri pertsonalki asko lagundu dit, nire burua gehiago ezagutzeko aukera eman dit eta nagoen lekura ekarri nau. Onura asko ekarri dizkit. Bizitzako egoera askotan emozioak errepikatu egiten dira. Emozio horren aurrean gaizki sentitu eta ez badugu ezer egiten beti egongo gara gaizki, kinesiologiak kapak kentzen laguntzen du; emozioak sentitzen, barrura sartzen eta hauek garbitzen, nolabait esateko. Emozioak sentitzen jarraituko dugu, baina nondik datozen eta zer diren ikusi ahal izango dugu eta onartzen lagunduko digu.  

Adin guztietako jendeak  erabili dezake kinesiologia, baita haurrek ere?
Bai. Umeak oso ondo eta erraz orekatzen dira eurak bakarrik. Oso oldarkorrak dira, izan behar den bezalakoak. Momentuan sentitzen dutena esaten edo egiten dute eta listo. Gehienetan guk dauzkagu muga eta blokeoak, helduok. Mugak guk jartzen dizkiegu, gainera. Baina blokeoak emanez gero kinesiologiako teknikak erabili daitezke eurekin ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!