Ekintza ugari izango dira asteburuan Zaraten

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko irailaren 16a

Mikeleteen eta estraperloen inguruko hitzaldia izango da larunbatean; igandean, Bertso Eguna antolatu dute.

Ibilbide oparoa izan du Azken Muga egitasmoak. Udara osoan, hainbat ekitaldi egin dituzte Zarateko arbolaren azpian, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko harremanak berreskuratu eta garatzeko. Asteburu honetan ere herritarren topagune bihurtuko da Zarateko arbolpea, hainbat ekintza antolatu baitituzte bertan.

Zarateko historiari buruzko hitzaldia eta solasaldia eskainiko dute Alfredo Moraza Aranzadiko historiagileak eta bertako adinekoek. Hitzaldian, mikeleteek eta estraperloek mugaren bi aldeetako biztanleeengan izandako eragina izango dute hizpide. Larunbatean, irailaren 17an, izango da 11:30ean, Zaraten. Hitzaldiaz gain, mikeleteen eta kontrabandisten inguruko argazki erakusketa ere izango da Zaratetxean. Bihar inagurutako dute, 11:00etan, eta irailaren 25era bitarte egongo da zabalik.

Igandean Bertso Eguna izango da. 12:00etan, librean arituko dira bertsolariak bertako eskulturetan barna. 13:30ean, trikitilarien doinuak entzuteko aukera izango da, eta 14:30ean altzotarrek prestatutako bazkaria izango da bertaratutakoentzat. Bazkal ondoren, trikitilariak ariko dira giroa alaitzen, eta 16:30ean eguneko bertso saio nagusia eskainiko dute: Unai Mendizabal, Mikel Artola, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Iker Zubeldia, Iñigo Gorostarzu, Julio Soto eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira kantuan. Bazkariko txartelak taberna hauetan eros daitezke: Lizartzako Jose Marin, Abaltzisketako Larraitz Gainen, Beteluko tabernan, Altzoko udaletxean, Amezketako Ametzan, Alegiako Iskiñan, Tolosako Turismo Bulegoan eta Bedaioko tabernan.

Hurrengo larunbatean, amaiera

Hurrengo larunbatean amaituko da Azken Muga egitasmoa. Et Incarnatus orkestraren kontzertua izango da 18:00etan Zaraten, eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ere bertan izango da. Zita berezia, beraz, egitasmo berezi bat amaitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!