BidegorriFest jaialdiak eskualdea zeharkatuko du datorren igandean

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 15a, 12:20

Mugikortasun iraunkorraren europar astearekin bat eginez ekimenak antolatu dira.

Garraio iraunkorraren aldeko sentsibilizazioa sustatzea, Gipuzkoan bizikletaren erabilera eta oinezkoen joan-etorriak bultzatzea eta, gainera, kutsadura murriztea eta lurraldeko herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea dute helburutzat Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak, Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko udalek.

Elkarrekin antolatu dute, Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearen inguruan osatu duten egitaraua. Gaur, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian, eskoletako bide seguruen azterketa egingo dute 18:00etan. Irailaren 22an, berriz, Ibarrako Uzturpe Ikastolako ikasle guztiak Oinez eskolara ekimena aintzat hartuta, oinez joango dira ikastolara; Kotxerik Gabeko Eguna denez, plazatik ikastolara ez da autorik ibiliko, ez eta autobusik ere eguraldi txarra egingo balu 3 urteko umeak bakarrik igoko dira autobusez.

Hala ere, Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan, irailaren 18koa, igandekoa izango da egun nagusia, BidegorriFest jaialdia antolatu baitute. «Bizikletaren kontseiluaren proposamenen jardueren barruan dago, bultzada emateko mugikortasun iraunkorrari, kulturari, bizikletaren erabilerari eta hura Gipuzkoako turismo baliabide gisa garatzeari», esan dute antolatzaileek.

Egun osoko egitaraua prestatu dute iganderako. 10:30ean Asteasutik aterako da zutabe bat eta bidegorrian barrena, Zizurkil, Villabona eta Anoeta zeharkatu ondoren, 11:00etan iritsiko da Tolosako San Frantzisko ibiltokira. Bigarren zutabea, Ikaztegietatik aterako da eta Alegiatik pasa ondoren Tolosan sartuko da 11:15ean. Bizikleta edo patinetan egin ahal izango da zeharkaldia.

Behin Tolosan, parte hartzaileei otordu txiki bat emango zaie eta segidan familia osoari bideratutako jarduerak egongo dira: puzgarriak, jumping-a, pedaletako kart-pistak, zurezko jolasak, Tolosako patinatzaile taldearen erakustaldia eta Parktour tailerra. Bazkal ordurako musika animazioa izango duen gune bat prestatu dute.

ANOETA ETA TOLOSA ARTEKOA

Igandean egingo den BidegorriFest jaialdian, Anoeta eta Tolosa arteko bidegorria erabili ahal izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak bost bidegorri tarte jarri ditu abian 2015ean eta beste bi aurten. Marisol Garmendia diputatuak argitu duenez, «bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzea balioetsi eta sustatu behar dugu, eta ez dago modu hoberik hori egiteko festa giro honetan baino. Orainaren zati izateaz gain, mugikortasunaren etorkizunaren zati ere bada».

Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio postu bat jarriko du igandean jaialdira hurbilduko diren guztiei foru bidegorrien sareari buruzko informazioa emateko. Bide batez, bai eguneroko joan-etorrietarako, bai aisialdi edo kirolerako, garraio iraunkor gisa, bizikletaren erabilera sustatzeko informazioa emango dute gune horretan.

MUGIKORTASUN ASTEA

IRAILAK 15, gaur

18:00. Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian eskoletako bide seguruen azterketa.

Irailak 18, igandea

10:30. Bizibira Tolosaldean. Bidegorrietatik barrena.

12:00 - 14:00 / 16:00 - 18:00. Umeentzako jolas parkea Tolosan.

14:00 - 15:30. Bazkari musikala, Gu taldearen eskutik, San Frantzisko pasealekuan.

15:30 - 16:30. Antzerki saioa, Intujai taldearen eskutik.

Irailak 22, osteguna

Egun osoz. Oinez eskolara. Kotxerik gabeko egunean, plazatik eskolara ez da autorik ibiliko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!