Txapelak buruan baina oinak lurrean

Asier Imaz 2016ko ira. 15a, 10:08

Iker Karrerak eta Ion Azpirozek euren azken lasterketak irabazi dituzte. Garaipen horiek, ordea, kirolaren beste aldea erakutsi dute. Amezketarraren kasua oso deigarria izan da.

Iker Karrerak Alpen X 100 mendi lasterketa irabazi zuen abuztuan, 25 ordu, 29 minutu eta 33 segundoko denborarekin. 160 kilometro zituen mendi lasterketak; 9.000 metroko goranzko eta beheranzko pendizarekin. Amezketarrak sare sozialetan jarri zuen bezala, «kirol ikuspegitik begiratuta emaitza ezin hobea izan da». Baina ondorengoa gehitu zion baieztapenari Karrerak: «Arlo pertsonalean, ordea, pixka bat etsigarria».

Kontaketak honela jarraitzen zuen: «Lasterketaren ondorengo egunetan ez nuen poztasun berezirik sentitzen, bake sentimendu edo betetasunik. Bai, 100 milako ibilbidea egin nuen; irabazi nuen, baina horrek ezer gutxi ematen zidala sentitzen nuen. Lasterketa ondorengo astean, galderak besterik ez nituen. Maila pertsonala; lasterketa bera; mendi lasterketak, batez ere ultra distantziakoak. Galderak. Agian, lasterketa honek eman didan onena hori izan dela pentsatu behar dut: galderak egitearena. Irensteko zailak diren egia gordinak agerian jarri izana».

Aldarrikapen bat ere partekatu nahi izan zuen Iker Karrerak: «Zenbakien diktadura nagusitzen zaionean lasterketa baten izaerari, bide okerretik goazelako da. Lasterketa bakoitzak bere izaera izan behar du, besteengatik desberdin egiten duen zerbait, eta ez zenbakiak soilik. Alpen X 100-en adibidez, azken 50 kilometroek bakarrik, lasterketa bat merezi zuten».

Amezketarraren hausnarketak oihartzuna izan zuen sare sozialetan, eta eskertzeko moduko babesa jaso zuen Karrerak. Abuztuko azken astean, aurreko hausnarketaren ondorena etorri zen. Laino artean argi izpiak ikusten ziren bertan: «Mendiekin berriz topo egin nahi nuen. Berriro ere motibazioa aurkitu nahi nuen. Isiltasuna aurkitu nahi nuen mendien gainean ibili eta korri egiteko. Uste dut denbora gehiegi pasa dudala bideko arazoekin kezkatuta, eta ahaztu egin nuela benetan gidatzen ninduena. Bost egun buruari atseden ematen, ikusmena elikatzen eta mendia bere osotasunean gozatzen». Horrela izan da Iker Karreraren abuztuko azken astea.


Berastegiarraren atsedenaldia
Ion Azpirozek 2016 urte borobilari amaiera eman dio. Azken asteburuan, Pirinioetan, Canfranc-eko mendi lasterketa irabazi zuen. Garaipen horri esker, Alpineultras 2016 Zirkuitua ere berarentzat izan da. Iker Karrerak baino presio gutxiago dauka berastegiarrak, baina badaki kirolaren beste aldea garrantzitsua dela: «Orain bi edo hiru hilabete geldirik egongo naiz. Lasterketarik egin gabe behintzat, mendiaz urte osoan gozatzen baitut, nahiz eta beste modu batera izan. Ordu eta kilometro asko izan dira, eta mentalki arnas pixka bat hartzea gustatzen zait, indar berriturik hasteko. Ultra distantziak burua dezente zigortzen du, eta atseden hartu beharra dago. Familiaz ere gozatu nahi dut, eurek ere asko sufritzen baitute. Eurekin ondo aprobetxatu nahi dut denbora hau».


Azpirozi 2017az galdetzea 2027az galdetzea bezala da: «Hurrengo denboraldiari begira ez naiz jarri. Bestela, berriro burua lanean jartzen da, planak egiten hasten zara, eta azkenean ez duzu atseden hartzen. Gero ere nahikoa denbora izango da planak egiteko».


2016ko momentu batez galdetuta, bi botatzen ditu berastegiarrak: «Maiatzean, Emmonako Ultra Trailean izandako 10 minutuko txakalaldi hura; uste dut munduak parentesi bat egin zuela, eta Canfranc-eko helmugan andrearekin eduki nuen besarkada. Uste dut ez dudala hori inoiz ahaztuko».


Denboraldiari amaiera eman zion besarkada eta lasterketa izan zen. 100 kilometro 18 ordu azpitik egin zituen Ion Azpirozek, 9.000 metroko goranzko pendiza zuen lasterketa gogorrean. «Abuztuan Jakan egon gara oporretan, eta ingurune hori ondo ezagutzeko aukera izan nuen. Oso gogorra zela ikusi nuen, eta lasterketa lasai hartu behar nuela. Oso mantso atera nintzen, bestela lasterketa bukatzea ere kosta egingo zitzaidan. Aurrean ikusi arren, burua hotz mantentzea lortu nuen. Lasterketa erditik aurrera, beroa eta malda gogorrenak iritsi ziren, eta orduan besteak pixka bat husten hasi ziren. Orduan utzi nituen atzean».
Garaipen horri esker, berastegiarrak Alpineultras 2016 Zirkuitua irabazi du. «Hiru lasterketak osatzen dute zirkuitua. 230 hasi ginen lehen lasterketan, eta hirurak zortzi edo bederatzik bakarrik amaitu ditugu. Zirkuitua Pirinioen gogortasuna erakusteko antolatu dute, eta egia esan izugarri gogorra izan da». Zirkuitua irabazteko, hirutik bi lasterketa irabazi ditu Ion Azpirozek, eta beste ultra, laugarren amaitu zuen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!