Zerkausiko uberak emanak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 8a, 09:30

Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Oriako uretan lehen paladak ematen hasi, eta beren izena tostako arraunaren olinpoan idaztear dira orain; guztia alde izatea baino ez dute behar.

Haurrak zirela, pentsatu ere ez zuten egingo, iraileko lehen bi asteetan, begirada guztien erdigunean egongo zirenik; jaioterrien sententziak.

Lehorrekoak baitira, bai, baina, mendez mendeko ohorearen itzalpean, historia zati bat idaztear dira urteko –historiako ez esatearren– estropada preziatuenean; egiazki, idazten ari dira.

Irati Larrañaga (Tolosa, 1992), Iñigo Jauregi (Tolosa, 1989) eta Myriam Aizpurua (Irura, 1996) Tolosaldeko Arraun Klubaren altzoan hazitakoak dira, eta tostari lotutako zilbor-hestea Oriakoak baino ur biziagoetan eten zuten, hirurek ere, itsasoaren gozo nahiz gaziak dastatuz.

Haize, azpiko-itsaso, baga, haize-olatu nahiz galernatan ederki zaildu direla dirudi, gainera, datorren igandeko eguraldi iragarpenak ez baitie kezka handiegirik sortzen: «Hasieratik hasi beharko dugu, bi segundo pasatxoko aldea izanda ere, olatu bat, haizea, kalea eta edozein baldintzak ezerezean utz baitezake gure altxor hori», dio Irati Larrañagak; San Juanekin ariko da, emakumezkoen banderarako lehian.

Altxorra galtzeko arriskua sor lezakeena, berriz, aukeratzat ikusten du altxorrik ez duenak. Myriam Aizpurua Orioko tostetan joango da, eta «hiruzpalau segundotan edozein gauza» gerta daitekeela dio: «Kontxako estropada eremuan kaleen arteko desberdintasunak berezkoak dira eta, gainera, iragarri duten bezala, itsaso bizia baldin bada, are zeresan handiagoa izango du zozketak».

Horrela, Urdaibai eta Hondarribiaren arteko lehia 1etik 4erako zenbakien zoriak baldintzatuko duela uste du Iñigo Jauregi Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariak: «Zozketa oso garrantzitsua izango da. Kaleak bi taldeetako inori kalterik egiten ez badigu, borroka handia izango dela uste dut. Aldiz, norbaiti mesede eta besteari kalte egiten badio, bandera nahiko erabakita geratuko da. Gaur-gaurkoz, hala ere, dena irekita dago eta, egiari zor, horren esperoan gaude».

PENTSAMENDUENA, ZIABOGETAN ZAILENA

Aquariuma edo irla gertuago izanda ere, Kontxako estropadan bat eta bakarra da, ezinbesteko lege: arraunean egitea.

Eta, arraunean ari direla ere, erretratu idilikoenetako protagonista izateaz oso bestelako gogoak dituzte, noski, eskualdeko arraunlariek: banderarako lehian izateak uretaratzeko grina eta urduritasuna pizten ditu.

«Astea tentsio handiarekin doa, baina horrelako hitzordu bat tartean denean, normala da. Aldi berean, gogotsu gaude, eta bandera eskuratzeko lanean, ilusioz», dio Jauregik: «Norberak lasai egon nahi izaten du, zurrunbilo horretatik ihes egin, baina inguruko jende guztiak gaia ateratzen dizu, hori baitute halako hitzorduek. Dena den, banderari horrek ematen dio izena eta balioa, eta urduritasuna eramaten jakin behar da». 

Izan ere, «Kontxa beti da Kontxa», Irati Larrañagak dion bezala: «Urduri nago bai, gehienbat, irabazteko aukerak baditugula ikusita. Azken bi urteotan irabazi du San Juanek. Aurten, berriz, erakutsi dugu estutzen gaituztenean hazi egiten garela, eta igande hau beste aukera bat izan daiteke, hori guztia kasualitate hutsa ez dela erakusteko»

Iraileko lehen bi asteburuetan, norbere pentsamenduena izaten da ziabogarik bihurriena, eta Myriam Aizpuruari ere luze egiten ari zaio ikasturte hasierako astea: «Urduri nabil, egia esan, eta, gainera, jende askok zorionak ematen dizkit, ezustekoa izan baitzen Orio hain goran izatea, banderarako lehian. Urduritasunen parean dut, dena den, gogoa; galtzeko ezer ez daukagu, eta irabazteko asko».

SAREGILE BAINO, MARINEL

Kontxaren aurretik, Orioko emakumeak ez ziren San Juanengandik bost segundora baino gutxiagora geratu, baina Donostiako badian laburtu egin zuten tartea: «Guk bagenekien, gure lana ondo eginez gero, gai ginela beraien gainean egoteko», dio Aizpuruak.

Irati Larrañagak ere, eskarmentuaren eskarmentuz, zeharretik begiratu zion Txiki traineru horiari: «Kontxan ez dute sekula hutsik egiten eta, gugandik hain gertu iristea espero ez banuen ere, ez zen halako ezustekoa izan. Ez daukate halako presiorik, lasaiago irteten dira, eta estropada oso ona egin zuten, chapeau».

Emakumeen tostako arrauna bigarren mailakotzat jo zuten haien ahotsak isiltzeko zerrendan, arrazoi bat gehiago da aurtengo kontxako kolore-lehia. Iñigo Jauregik, bere aldetik, «poza» sentitu zuen joan den igandean: «Sorpresa txiki bat hartu nuen, ez bainuen espero Oriok halako estropadarik egitea. Egia esan, poza eman zidan emakumeen artean ere horrelako lehiakortasuna ikusteak, arraunarentzat nahiz zaleentzat oso garrantzitsua baita maila hori plazaratzea, ikuskizuna eskaintzea».

Eta, hortik, ikuskizunetik edango dute, etzi-damu, Donostiara begiratzen duten begi guztiek. Ikuskizuna gustukoa izatea edo ez izatea, hori bai, meteorologiaren eta zoriaren arteko dantzak erabakiko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!