Emakume futbolariak ere lehian

Ane Urkola 2016ko ira. 8a, 08:00

Urteetan egindako lanaren saria jaso dute Tolosaldeko lau emakumek, eta areto futboleko Ordizia taldean ariko dira datorren ikasturtean. Erronka handia da beraientzat, baina «gogotsu» daude.

Sasoi bete-betean daude Tolosaldeko emakume futbolariak, eta argi dago harrobi galanta dagoela. Gehienetan ezkutuan geratzen badira ere, handia da Lide Aranzabek (1997, Anoeta), Maria Apalategik (1993, Ikaztegieta), Irati Fuentesek (1996, Tolosa) eta Naroa Zubiriak (2001, Berastegi) lortu dutena. Areto futboleko bigarren mailan ariko dira Ordizia taldearekin hurrengo ikasturtean. Lanerako eta disfrutatzeko prest daude laurak.

IBILBIDE LUZEAREN SARIA

Ibilbide luzeko kirolariak dira laurak. Txiki-txikitatik hasi ziren futbolean jokatzen. Eskolartekoan eman zituzten lehen ostikadak, eta bertan jarraitzeko aukera bukatu ondoren, Futbol 11ra egin zuten salto, Lide Aranzabek kasu: «Eskolartekoan hasi nintzen jokatzen Anoetan, eta lagun batek esan zidan Tolosan frogak egin behar zituztela. Animatu egin nintzen eta infantil, kadete eta jubenilen mailan jokatu nuen». 

Maria Apalategik ere ibilbide luzea egin du Ordiziara ailegatu baino lehen: «Ikaztegietan hasi nintzen futbolean, baina herri txikia izanik, talderik ez zegoen gerora. 10 urterekin Alegian hasi nintzen eta DBH 3ra arte egon nintzen bertan. Momentu hartan, ez genuen talderik osatu eta Lazkaotik deitu ziguten. Urtebetez Lazkaon jokatu eta gero, Tolosara etorri nintzen Futbol 11era; 4-5 urte pasa nituen bertan».

Irati Fuentes ere urte luzez aritu da kirola praktikatzen: eskolartekoan hasi zen jokatzen txiki-txikitatik, baina DBH 1. mailan saskibaloian hasi zen. Tolosako TAKE saskibaloi taldean jokatu du sei urtez.

ARETO FUTBOLERA SALTO

Tolosako taldea uztea erabaki zuten Apalategik eta Aranzabek. Emakumeak izanik, ez zuten aukera handirik eta lan handia egin behar izan zuten futbolean jarraitzeko: «Futbol 11 utzi genuen hainbat neska elkartu ginen, eta guk futbolean jarraitu nahi genuen. Federaziora deitu genuen, eta esan ziguten ligarik ere ez zegoela areto futbolean. Jende ugarirekin hitz egin genuen, eta azkenean areto futboleko Gipuzkoako Liga sortu genuen duela bi urte». 

Hain justu, Gipuzkoako Ligan egin zuten topo berriz ere lau protagonistek. Aranzabe Anoeta FT taldean hasi zen, eta ikaztegietarra Idiazabalen. Bigarren urtean, talde gehiago batu ziren ligara: Berastegi eta Orixe, besteak beste. Zubiria Berastegiko jokalaria izan da, eta bertan aritu da zortzi urtez. Fuentesek, Sofia Agirre kidearen laguntzaz, Orixeko areto futboleko taldea sortu zuten iaz, eta Gipuzkoako Ligan jokatu zuten otsailetik aurrera. Aurkari izatetik, taldekide izatera igaro dira laurak, hortaz.

Anoetako taldeaz gain, Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioetan aritu da Aranzabe, baita Fuentes ere. Esperientzia «arrotza» izan zen Euskadikoa, baina Gipuzkoan oso gustura aritu ziren biak. «Taldekideak ezagunak ziren, eta asko ikasi eta gozatu genuen».

BIGARREN MAILAN ARITZEKO AUKERA

Iaz deitu zieten laurei Ordizian hasteko. Areto futboleko bigarren mailan dagoen taldea da, eta Aragoiko, Galiziako, Errioxako eta Kantabriako taldeen aurka jokatu beharko dute, Bizkaiko bi eta Nafarroako talde batez gain. 14 neskek osatzen dute taldea, eta zortzi tolosaldekoak dira: Ane Cabero, Inmaira Artieda, Irati Esteban eta Ane Izagirre ere bertan ari dira jokatzen. «Aldea nabarmena da, eta maila handiagoa eskatuko digute. Sekulako erronka da guretzat, baina aurreraupaso handia izango da. Disfrutatzeko eta ikasteko prest gaude», azaldu du Apalategik.

Umil baina gogoz daude laurak. Iaz «oso liga ona» egin zuten Ordiziako neskek, eta goiko postuetan ibili ziren. Iazko jokalari garrantzitsu askok utzi egin dute taldea, eta jokalari berri ugari sartu dira. Horregatik, beren helburua da taldea egonkortzea eta indartzea. Horrela azaldu du Aranzabek: «Entrenatzaileak ere beste proiektu baten moduan hartu du. Taldeari forma eman nahi dio lehenengo eta jokalariak motibatu; berdin dio beheko postuetan ibiltzen bagara, joko ona egitea eta ikastea nahi du».

Emakumeei zabaldu diete azken mezua: «Animatu daitezela futbolean parte hartzera. Aukerak ateratzen dira, eta taldeak badaude». Larunbatean Euskal Kopa jokatuko dute Bilbon, eta hurrengo astean ekingo diote ligari. Nesken futbolaz gozatu nahi duenak, beraz, larunbatetan du hitzordua; 18:00etan, Ordiziako Majori kiroldegian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!