Tolosaldeko hainbat kultura ondare babesteko laguntzak

Ataria 2016ko irailaren 7a

Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura arloak, Tolosaldeko kultura ondarea eraberritu eta egonkortzeko asmoz hainbat diru laguntza onartu ditu. 

Proiektu hauen artean, Txaraman dagoen Araxes paper fabrikaren eraberritzeko diru laguntza dago. Horretarako 22.000 euro emango dizkiote Tximistarri Lorategiko Elkarteari. Bestalde, Tolosako Udalak 11.000 euroko diru laguntza jasoko du Gaztelako atea eraberritzeko.

Era beran, Berastegiko Udalak, 2.000 euroko laguntza izango du Ugalde/Elutza ostatuetako teilatuak eta estalkiak berritzeko.

Orexarrek, berriz, 17.000 euro jasoko dituzte Makorre eta Paskualenea baserrien teilatuak eraberritzeko. Horretaz gain, Orexak, 3.000 euro izango ditu Gurutze Santua parrokiaren teilatua berritzeko.

Larraulgo Labakane baserriarentzako, bere aldetik 14.850 euroko laguntza onartu dute. Laguntza hau ere teilatua berritzeko izango da.

Bukatzeko, Amezketan 18.000 euroko diru laguntza jasoko dute Ugarte elizaren teilatua berritzeko eta Elduainera 6.000 euro bideratuko dituzte Inturia eta Errotazar berritzeko.

Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu duenez, laguntzen xedea da oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek lurraldeko kultura ondarea ezagutu eta bizi ahal izate. Eta Tolosaldeak zentzu honetan, aberastasun handia duela azpimarratu nahi izan du Itxasok.

«Ezinbestekoa da ondare hau babestea, gazteek ere Gipuzkoako kultura identitatean funtsezkoa den altxor hau ezagutu dezaten. Guri, foru aldunditik, ondarearen babesaren bidez memoria bizia mantentzea eta ondarea berreskuratzea egokitu zaigu», azaldu du Kultura diputatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!