120.000 euroko diru poltsa, eskualdeko etorkizuna eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 7a, 10:55

Tolosaldea Saretzen egitasmoa bigarrenez martxan da; 28 udalek Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergatik bildutako dirua bideratuko dute proiektuak finantzatzera.

Tolosaldeko etorkizuna ikuspuntu estrategiko batetik eraikitzea, horixe da Tolosaldea Saretzenen helburua. Eta, horretarako, bigarrenez zabaldu du proiektuak aurkezteko epea. Lehen aldian bezala, eragile publiko eta pribatuek zein norbanakoek beren egitasmoak aurkezteko aukera izango dute, eta hilaren 15a izango da azken eguna.

2012ko abendura egin behar da atzera, Tolosaldea Saretzen-en jatorria ezagutzeko. Eskualdeko 28 udalek diru funts berri bat sortzea adostu zuten, aho batez, etorkizuneko proiektu estrategikoak sustatzeko, eta 2014an gauzatu zen, estreinakoz, erabakia. Harrez geroztik, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren bitartez jasotako dirua bideratzen dute Tolosaldea Saretzeneko diru funtsera eta, aurten, 120.000 euroko poltsa prest da, proiektu berritzaileei bultzadatxoa emateko.

Tolosaldea Saretzenen gogo nagusiarekin bat eginez, diru laguntzak jasotzeko aurkeztutako proiektuek ere jomuga bera izan beharko dute, hasteko: eskualdearen garapenerako estrategikoa izan daitekeen proiektu bat lantzea.

Helburu horri begira garatutako egitasmoak izatearekin batera, ordea, beste zenbait irizpide ere baloratuko ditu kontseiluak, diru laguntzak banatzerakoan.

IKUSPEGI ZABALENAREN BILA

Batetik, erreferentzialtasuna zaindu beharko dute, Tolosaldeko estrategiarekin bat eginez eta, noski, epe ertainera bideragarriak izan beharko dute proiektu irabazleek.

Eskualdeko estrategia zaintzeak bertako ingurumena errespetatzea ere badakar eta, bide horretan, tokiko garapen jasangarria errepetatzea ezinbestekoa izango da.

Tolosaldeko 28 herrien errealitate eta garapenaren akuilu izango badira, Tolosaldea Saretzeneko proiektuek oso kontuan izan beharko dute euskararen presentzia eta, halaber, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatu beharko dute.

Norbere proiektua ondo xehetzearekin batera, balio erantsia izango da eragileen arteko elkarlana jorratzeak eta, bide horretan, proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena ere aztertuko du kontseiluak. Azkenik, sormena eta berrikuntza ere ezinbesteko izango dira; ohiko sektore bat modu berri batean jorratu ahal izango da edo, bestela, eskualdean berritzailea izan daitekeen sektore bati begiratu.

Irizpide horiek guztiak kontuan hartu eta proiektuak aztertu ondoren, diru laguntzek proiektuen aurrekontuak %50 bitarte finantzatu ahal izango dituzte. Modu horretan, egitasmo bat baino gehiago sustatzea da Saretzenen asmoa.

Iaz, esaterako, lau izan ziren aukeratutako proiektuak, norbanako, eragile publiko zein pribatuen eskutik.

Datorren irailaren 15a izango da Tolosaldea Saretzeneko proiektuak aurkezteko azken eguna. Tolosaldeasaretzen@tolosaldea.eus helbidera bidali ahal izango dira eta, bestela, Lehiberri zentrora, Apattaerreka industriaguneko Apatta kaleko 1. zenbakira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!