Bi luzeak pentsamendu bakar

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 2a, 17:37

Oihane Iraola, atzo. Argazkia: KARKARA.EUS

Tolosaldeko 15 arraunlarik izango dute, etzi, Kontxako banderaren lehian aritzeko aukera.

Luze egiten da balizarainoko bidea, beti; are luzeago, Kontxan, ziaboga bakarraren moral bikoitzarekin. Eta, zer esanik ez, dozenaka ontziren artean, norbere lehiarako zazpi txartel bakarrik daudela jakinda. Bada, tentsio horiek guztiak atzean utzi zituzten, atzo – uretatik zein lehorretik– eskualdeko 15 gizon-emakumek; igandean lehen jardunaldiko tentsioari helduko diote berriz.

Ondo bidean, itsasoko epaileak 11:00etan jaitsiko du bandera, estreinakoz, eta historia idazteari ekingo diote, gainera: lehen aldiz, emakumezkoen traineruek bi txanda osatuko dituzte Kontxako bandera. Bada, Tolosaldeko ordezkaritza zabala izango da lehen zein bigarren txandan. Irati Larrañaga eta Nerea Perez tolosarrak San Juanen arrosa defendatuz irtengo dira, eta Oriorekin ariko dira Myriam Aizpurua irurarra eta Oihane Iraola tolosarra. Azkenik, Hernaniko Maialen ontzian izango du eskualdeko emakumeen ordezkaritza zabalena: Malen Oiartzabal (Tolosa), Ane Sanchez (Anoeta), Saioa Txapartegi (Tolosa), Mireia Vicente (Anoeta), Maider Zumeta (Ibarra) eta Andrea Zumeta (Tolosa).

Iaz baino lau traineru gehiago aritzeak gizonezkoen txandak beranduago hastea ekarriko du, baina Tolosaldeko arraunzaleek izango dute zirrarari eusteko arrazoirik, gertuko kirolariek beteko baitituzte zortzi traineruetako zenbait tosta. Hondarribiarekin Iñigo Jauregi eta Jon Lizarralde tolosarrak ariko dira, eta San Juanen, berriz, Endika Lopez (Tolosa) eta Xabier Zabala (Aduna). Estropadara zuzenean sailkatuta, Donostiarra estreinakoz uretaratuko da igandean, eta haiekin ariko da Julen Gorostiaga tolosarra ere.

Txandak txanda eta taldeak talde, gogo bakarrak hartuko ditu hamabost buruok, datozen egunotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!