Zazpi herrialdeen arteko herri kirol txapelketa, larunbatean

Ataria 2016ko ira. 1a, 12:04

Euskal Herriko zazpi herrialdeak lehiatuko dira herri kiroletan: Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Irailaren 3an izango da, Donostiako Sagues plazan, 17:00etatik aurrera. Tolosaldeako zenbait kirolarik ere hartuko dute parte, Gipuzkoako taldearen barruan.

Kirolariak ondorengo diziplinetan ariko dira: sokatira, lokotx biltzea, ingudea, lasto altxatzea, harri jasotzea, txingak, orga jokoa, zaku eramatea, trontza, eta aizkora. Diziplina batzuetan, herrialde batzuek ez dute parte hartuko, kirolari faltagatik.

Gipuzkoako taldean, eskualdeko kirolariak ere ariko dira lanean. Sokatiran, Ibarrako Sokatira Taldea 640 kiloko kategorian lehiatuko da; Ibarrako Lander Oterminek 80 kiloko zakua eramango du soinean, Ekaitz Saicedo eta Patxi Ituarte lagun dituela. Azkenik, Eneko Garmendia baliarraindarra, 50 lokotx ahalik eta azkarren biltzen saiatuko da.

Gainontzean, Gipuzkoako taldea ondorengo hauek osatuko dute. Jesus Mari Iruretagoinea "Izeta II", ingudea altxatzen arituko da. Jose Martin Bustinza "Tubi", 45 kilo lasto ahalik eta gehienetan jasoko du, 2 minututan. Mikel Lopategi "Urra" 100 kiloko harria jasotzen lehiatuko da. 50 kiloko txingak eramaten, berriz, Igor Landa ariko da, plaza gehien egiteko xedearekin. Orga jokoan, 200 kilo besoan dituela, Gorka Arreitunandiak gurdiari bueltak emango dizkio. Igor Esnaola, orain gutxi Euskadiko Sega Txapelketa irabazi zuena, eta Santi Aizpurua ariko dira, trontzarekin egurra mozten. Azkenik, Iñaki Azurmendi ariko da enbor gainean, aizkoran. Kirolari guzti hauen ordezkaria, Jose Ignacio Saizar "Luxarbe" izango da.

 

Ondorengo ordena jarraituko dute kirolariek, herri kirol lehian:

15:00-16:00. Sokatiralarien pisaketa.

16:00. Trontzako astoak, egurrak eta harriak plazan sartu.

16:45. Kirolarien harrera.

Segidan. Txapelketaren eta taldeen aurkezpena

17:00. Txapelketaren hasiera.

17:00. Lokotx biltzea: denak batera.

17:10. Sokatira: kanporaketa bidez.

17:10. Txingak: denak batera.

17:20. Zaku eramatea: denak batera.

17:30. Lasto altxatzea: lehen partaidea.

Jarraian. Ingude altxatzea: lehen partaidea.

18:10. Harri jasotzea: lehen partaidea.

Segidan. Orga jokoa: lehen partaidea.

18:40. Trontza: denak batera.

18:50. Aizkora: denak batera.

19:00. Sari banaketa.

Aizkora: 12 minututako denbora utziko da, lana bukatzeko.

Trontza: 10 minututako denbora utziko da, lana bukatzeko.

Diziplina batzuetan, txandaka ariko dira partaideak. Adibidez, herrialde bateko partaidea lastoa altxatzen ari denean, ingudean beste bat ariko da, lehia ahalik eta eramangarriena egite aldera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!