Altuna III, Zarauzko Hiria Torneoan

Ataria 2016ko abuztuaren 3a

Jokin Altuna amezketarrak Zabaletarekin osatuko du bikotea, eta txapelketako irabazle izateko lehian egongo dira. Jakak, Tolosak eta Artolak, aldiz, torneoaren aurreko partidak jokatuko dituzte.

Gaur goizean aurkeztu dute Zarauzko Hiria Pilota Torneoa, eta bi finalerdi jokatuko direla adierazi dute enpresen arduradunek. Asperen kasuan, Iribarria-Merino II.a eta Altuna III.a-Zabaleta bikoteak ariko dira nor baino nor. Amezketarra bolada onean iritsiko da abuztuaren 17an hasi eta hilaren 21ean amaituko den txapelketara, Bizkaia Torneoa eta Ama Zuriaren Torneoa irabazi ondoren. Asegarce enpresaren adarrean, Olaizola II-Untoria eta Urrutikoetxea-Albisu bikoteen artekoa jokatuko da; bertan erabakiko da lehen finalista.

Horiez gain, beste bina partida ere jokatuko dituzte egun bakoitzean. Batean, Artola alegiarrak jokatuko du Ibai Zabala lagun duela, Retegi bi eta Irustaren aurka. Hilaren 19an, berriz, eskualdekoak diren Jaka eta Tolosa menderatzen saiatuko dira Arretxe II.a eta Ladis Galarza. Finalaren atarian, abuztuaren 21ean, Tolosa lehiatuko da Elezkano II.arekin, Artola eta Aretxabaletaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!