Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jakinarazi du euskarazko hedabideen diru laguntza deialdia. Nabarmendu dutenez, berritasunik handiena da hiru urteko finantzazioa (2016-2018) bermatuko dela, 14.625.000 euro jarriz. Izan ere, orain arte, urtean urteko jarduera finantzatzeko diru laguntza eman da, eta lehen aldiz, hedabideek hiru urterako diru laguntza egonkorra izango dute, «denbora luzean egin duten eskaera betez». Kopuru horren barnean, bestalde, 290.886 euro daude; «Nafarroako Gobernuak aurten bere eremuko hedabideak diruz lagunduko dituenez, Eusko Jaurlaritzak Nafarroako hedabideei zuzendutako diru kopuru hori mantendu, eta EAEko hedabideek jasoko dute».
Hedabideak euskararen erabilera sustatzeko duen eraginkortasuna izango da gehien baloratuko dena, «helburua euskararen erabilera sustatzea baita». Hala, hedabidearen irismen mailak izango du pisurik handiena, %65. Interneteko hedabideek, berriz, aurreko urteetan baino diru gehiago izango dute.
HPSk, Hekimenek eta Tokikomek luze eztabaidatu dituzte irizpideak. HPSk azaldu duenez, kontuan hartu ditu ikuspuntuak, eta Hekimenek eta Tokikomek proposaturiko irizpideetako ugari bere egin ditu.