«Bizitzaren alde», zutitu da Tolosaldea

Maiatzaren 29an Gipuzkoa Zutik! mugimendua jarri zen martxan Donostiako Gipuzkoa Plazan, eta Tolosaldera ailegatu da ekimena; kanpaldia egin dute Anoetan, eta batzarrak egiten ari dira Tolosan.

Erraustegiaren aurkako eta bizitzaren aldeko mugimendua sortzen ari zela ikusi genuen, eta Anoetan ere zerbait sortu behar genuela pentsatu genuen». Oier Urkola Anoeta Zutik! ekimeneko kidearen hitzak dira. Baita egin ere; uztailaren 2an egin zuen lehenengo batzarra Anoeta Zutik! ekimenak eta 25 pertsona inguru bildu ziren herriko plazan. Gipuzkoa Zutik! mugimenduaren inguruan hitz egin zuten lehenengo, eta ekimenaren helburuak zehaztu zituzten ondoren: «Gure helburu nagusia erraustegiaren inguruko informazioa bereganatzea, zabaltzea eta herritarrek erraustegiaren inguruko erabakiak hartzea da».

Hori lortze bidean, kanpaldia hasi zuten herriko plazan uztailaren 11n. Lehenengo eta behin, herriko plaza atondu zuten eta erraustegiaren inguruko mezuak zabaldu zituzten. Batzarra egin zuten ondoren, hurrengo egunetako funtzionamendua eta egitaraua zehazten hasteko. Uztailaren 11n hasi eta uztailaren 15era arte luzatu zen kanpaldia. Bost egunetan hainbat ekintza egin zituzten «erraustegiaren gaia erdigunean jartzeko». Erraustegiaren inguruko informazioarekin eskuorriak eta panelak egin zituzten eta hainbat ekintza antolatu zituzten: erraustegiaren eta desobedientzia zibilaren inguruko hitzaldiak, haur jolasak, dokumentalak edo pintxo potea, besteak beste. «Adin ezberdinetako jendearengana ailegatzea izan da ekintza ezberdinak antolatzearen helburua».

10-15 pertsona inguru geratu dira lotan. «Herritarrek ahal izan duten heinean hartu dute parte, eta hori izan da hain zuzen ere mugimenduaren nahia: herritarrak momentu oro mugimenduaren parte sentitzea, eta ahal izan duten neurrian parte hartzea». Horretarako, batzarrak egin zituzten goizero eta gauero, eta bertan hartzen zituzten mugimenduaren inguruko erabakiak.

Uztailaren 15ean erabaki zuten kanpaldia amaitzea: «Kanpaldia hasi genuenean gure nahia erraustegiaren gaia erdigunean jartzea zen eta lortu dugu», nabarmendu du Anoeta Zutik! ekimenak kanpaldiaren amaieran egindako balorazioan. Nolanahi ere, ekimenak aurrera jarraitzen du, «gure helburu nagusia erraustegiaren proiektua gelditzea baita». Horretarako, hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko: igaro den larunbatean, erraustegiaren aurkako argazki erraldoia atera zuten kuadrillen arteko futbol txapelketako finalaren amaieran, eta ekimenaren hurrengo urratsak zehazteko batzarra egin zuten asteazkenean, herriko plazan.

Uztailaren 28a begiz jo dute ekimeneko kideek. Egun horretan Zubietako erraustegiaren esleipena sinatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHKk: «Uztailaren 28an erraustegia martxan jartzeko pausoak emango dituzte, udara erdian eta parte hartzerik gabe. Gipuzkoako udal guztiak zorpetuko dituzte 2051ra arte; izugarrizko lapurreta egingo dute», azaldu dute Anoeta Zutik! ekimeneko kideek. Horri erantzuteko, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioa deitu du; 11:00etan izango da Gipuzkoako Diputazioaren aurrean. Ekimenaren helburua da ahalik eta jende gehienak mobilizazio horretan parte hartzea, eta horretarako, hainbat ekintza antolatzen ari dira datorren asterako.

Tolosaldean ere zutik

Anoeta ez da «erraustegiaren aurka eta bizitzaren alde» zutitu den herri bakarra. Tolosan ere hiru batzar egin dituzte dagoeneko, eta eskualde osoko jendea bertaratu da: Tolosakoa, Ibarrakoa, Villabonakoa eta Alegiakoa, besteak beste. Horregatik, Tolosaldea Zutik! izena jarri diote ekimenari: «Eskualde osoko jendeak parte hartu duenez, Tolosaldea izena jartzea erabaki dugu, eskualdeko beste ekimenak, Anoetakoa kasu, errespetatuz, betiere».

Ekainaren 30ean egin zuten lehen batzarra eta 70 pertsona inguru bildu ziren. Gipuzkoa Zutik! mugimenduaren inguruko informazioa helarazi zuten lehenengo. Ondoren, talde txikietan banatu eta elkar ezagutu zuten ekimeneko kideek. Dinamikaren lan egiteko moduaz eta funtzionamendaz hitz egin zuten gero: «Komunikazioa, koordinazioa eta dinamizazio lan taldeak sortu ziren», adierazi du Mikel Romero Tolosa Zutik! ekimeneko kideak. 

Bigarren batzarra uztailaren 7an egin zuten eta ekintza ugari proposatu zituzten erraustegiaren aurka egiteko. Uztailaren 18an, astelehenean, egin zuten hirugarren batzarra: «Ideia ugari atera ziren bigarrenean, eta hirugarren batzarrean ekintza horiek zehazten hasi ginen: datak eta orduak lotzen, eta abar».

Abuztuan atseden hartuko du ekimenak irailera arte. Nolanahi ere, ekimena ez dela inolaz ere amaitu diote: «Gurea epe luzeko borroka da. Argi dugu erraustegia izebergaren punta soilik dela. Herritarren %1ari mesede egiten dioten neurriak hartzen ari dira; guztiz lotuta daude prekarietatea edota naturaren aurkako politikak. Beraiek hor jarraitzen badute, guk ere hor jarraituko dugu. Ez gara nekatuko, eta ez dira beraienarekin irtengo. Erraustegia geldituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!