Ekintzailetasunak gora egiten jarraitzen du Tolosaldean

Iñigo Terradillos 2016ko uzt. 21a, 08:00

Ekintzaile ugari gerturatu dira garapen agentziara, eta enpresa gehiago ireki dituzte; azken bi urteetako goranzko joera mantentzen ari da, hortaz, eskualdean.

Azken bi urteetako goranzko joerarekin jarraitzen du Tolosaldeak ekintzailetasunari dagokionez. Ekintzaile ugari gerturatu dira garapen agentziara, eta iazko epe berarekin alderatuta, enpresa gehiago sortu dira, Tolosaldea Garatzen agentziak nabarmendu duenez.

Urteko lehen sei hilabeteko datuak eskuan hartuta, balantze baikorra egin du Jon Zubeldia ekintzailetza saileko arduradunak. 110 pertsona gerturatu dira Lehiberrira ekintzailetasunarekin lotutako kontsultaren bat egitera. Horietatik 23 pertsonak gauzatu dute euren enpresa egitasmo berria edo mikroenpresa. 23 enpresa horiek 37 lanpostu sortu dituzte. Batez beste, enpresako lanpostu eta erdi sortu dute, beraz.

Perfilari begiratuta, emakumeek gidatu dituzte 23 enpresa horietatik hamairu, eta gainerako hamarretan gizonezkoek. Adinari dagokionez, helduenak 57 urte ditu, eta gazteenak 23; batez besteko adina 38 urte da, beraz. Enpresen arloari dagokionean, merkataritza eta zerbitzu arloko enpresak nagusitzen dira. Horiez gain, industria arloko hiru enpresa ere jarri dira martxan.

Tolosan jarri dira martxan 23 enpresa horietatik 16, eta gainerakoak, Belauntzan, Zizurkilen, Ibarran, Asteasun eta Anoetan.

Zubeldiak dioenez, krisiak erabat jo zuen garaian «testuingurua ez zen batere erraza» enpresa berriak martxan jartzeko. Ondorioz, enpresa berrien sorrera «asko jaitsi zen». Azken bi urteetan joera aldatu da, eta datuek erakusten dutenez, mantentzen ari da joera hori. «Datuak nahiko onak dira, eta baikor agertzeko moduan gaude», adierazi du Zubeldiak.

Enpresaren bat sortzeko ideiaren bat dutenei zabaldu die deia Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetza sailarekin harremanetan jartzeko: «Gurekin hitzordua hartu, eta saiatuko gara enpresa ideiari forma ematen eta laguntza eskaintzen», azaldu du Zubeldiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!