«Ezinbestekoa da egiten ari zarena denbora-galtze bat ez dela pentsatzea»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 21a, 08:00

Hiru urteko epealdia beteko dute Lehiberriko haztegian eta, datorren irailetik aurrera, bulego propio batean jarraituko dute beren enpresaren ibilbidea garatzen.

 

Lehenengotarikoak izan ziren Lehiberriko enpresa haztegi bat betetzen, eta hiru urteko zikloa osatzen ere aitzindari izango dira. Iker Alkorta (Ibarra, 1990) eta Juan Urretavizcaya (Tolosa, 1990) unibertsitateak eta grina bertsuek elkartu zituen eta, han ikasitakoa garatzeko asmoz, marka eta diseinu estrategia ogibide bilakatzeko pausoa eman zuten.

Hiru urteren bueltan, iritsi zaie habia uzteko garaia eta, irailetik aurrera, Lehiberrin eskuratutako egonkortasun horri eustea izango dute erronka nagusi.

Ziklo bat amaitzera zoazte Lehiberriko haztegietan. 

Juan Urretavizcaya. Hiru urterako hitzarmena sinatu genuen, hori baita haztegietan egoteko gehienezko epea. Urtez urte hitzarmena berrikusten joan gara, aurkezpentxo baten bitartez gure urteko jarduera plazaratzeko, eta helburu berriak zehazteko.

Iker Alkorta. Lehiberriko haztegian baldintzak eskuragarriagoak dira. Baina, behin epe horri aurre eginda, haztegian egon den enpresa batek gai izan beharko luke bere kabuz bide berri bati ekiteko. Guri irailean amaituko zaigu epealdi hori.

Lehen aldiz haztegien egitasmoaren berri izan zenutenean, zer pentsatu zenuten?

I.A. Negozio-plan bat prestatzen ari ginen ordurako, Lehiberrin aurkezteko, baina artean ez genekien haztegiak izango zirenik. Plana mamitzen ari ginela ezagutu genuen egitasmoa.

J.U. Niri urruneko zerbait iruditu zitzaidan. Ez duzu pentsatzen zuk egitasmo horretan aukeraren bat izango duzunik eta, egiari zor, bulegoa eskuratzeko itxaropen handiegirik ez genuen.

I.A. Ez. Lan handia egin genuen gure aurkezpena prestatzeko.

Asmo bat izatetik Chroma Branding sortzerainoko bultzada eskaini zizuen,beraz, haztegien proiektuak.

J.U. Bai. Proba moduan hartu genuen haztegiena, hasiera batean ez baikenuen pentsatu ere egingo Chroma gure enpresa izango zenik, eta gure lanpostuak hor sortuko genituenik.

I.A. Bai, jardun horretatik bizitzeko lain ateratzea posible ote zen edo ez ikusi nahi genuen, gure proiektuak etorkizunik ba ote zuen; hasieran ideiarik ere ez duzu. Gogoan dut soldata bat eskuratzea helburu gisa aurkeztu genuela, baina guk geuk utopiatzat hartu genuela, momentuan.

J.U. Baina, gerora, helburu horiek bete egin dira.

Zuen enpresa garatzeko Lehiberriren babesa izanda ere, beldurra sentitu izan duzue?

I.A. Beharbada hasieran, zalantza asko sortzen direlako: aterako den edo ez, nola aterako den,... Orduan, gainera, ia bezerorik ez genuen; bulegoan egoten ginen eta lan egiten genuen, baina askoz ere proiektu gutxiagotan parte hartzen genuen. Horregatik, lehen lau hilabeteak gogor samarrak izan ziren, erritmoa hartu bitarte.

J.U. Nik hasieran zalantzak izan nituen, zera pentsatzen bainuen: «Hemen urtebete pasatzea ez ote da denbora-galtzea izango nire curriculumerako?». Gurea gaizki irten izan balitz eta, urtebetera, beste enpresa batera curriculma bidali izan bagenu, Chromako esperientzia hori ia hutsaltzat hartuko zuketen hainbat enpresak. Gaur egun, ordea, alderantziz izango litzatekeela uste dut. Langile bat kontratatzeko asmoa duen norbaitek ikusiko balu, hautagai bat zerbait propioa sortzen saiatu dela, positiboki baloratuko luke.

I.A. Jendeak hala dio, orain garrantzi handia duela, baina ez dakit enpresek hain kontuan hartzen duten zuk zure enpresa proiektua aurrera eraman izana. Proiektu hori utzi eta beste enpresa batera joan baldin bazara, zurea gaizki atera denaren seinale.

J.U. AEBetan, adibidez, arrakasta hirugarren proiektuan lortzen dutela diote. Alegia, bi porrot izan eta hirugarren aldiz altxatu arte, ez dela benetan ikasten.

I.A. Eta hori baloratzen omen dute, gaizki atera den zerbaiti aurre egin eta suspertzea.

J.U. Hemen, berriz, badirudi porrot bakarrak erakusten duela, ez zarela horretarako jaio.

Ikasi ere, asko ikasiko zenuten. 

I.A. Bai, ikaragarri. Unibertsitatearekin alderatuta, oso bestelako ikaskuntza, noski.

 


Ez baita zuen ikasketei dagokien horretan aritze hutsa: administrazioa, lanaren antolaketa, aurkezpenak,... 

J.U. Horrelako esperientzia batek asko ematen dio bati, edozein tokitara joan eta zeure burua aurkezteko, eztabaidatzeko, norbere ideiak defendatzeko,...

I.A. Bai, harremana sortzen da jende askorekin, eta hortik ikasten da.

Komunikatzea, jendearengana iristea, sentsazioak sortzea da Chromaren jarduna. Nolatan erabaki zenuten zuen enpresa horretara bideratzea? 

I.A. Unibertsitatean diseinu grafikoa lantzeko irakasgai bat genuen, eta behin branding-ari eta marka estrategiari buruzko hitzaldi bat eskaini zigun gizon batek; Dida agentziako kide zen eta, besteak beste, Korrikarentzat lan egiten dute. Biok oso-oso gustuko izan genuen hitzaldia.

J.U. Aurkezpena oso modu interesgarrian landu zuten, eta orduan hasi ginen gure kabuz informazio bila. Graduak aukera ematen zuen norbere interesetan gehiago sakontzeko, proiektuak irekiak zirelako. Beraz, talde batek packaging-a lantzen zuen bezala, beste batek ekoizpena jorratzen zuen, eta beste batek diseinua. Gu azken alor horrek erakartzen gintuen, eta gure lanetan asko sakontzen genuen horretan.

I.A. Graduan desberdintasuna markatu zuten irakasgaiak marketinekoa eta diseinu grafikokoa izan ziren.

J.U. Eta irakasleak ere bai, pasio handiko irakasleak izan baikenituen. Irakasgaia bizi egiten zuten, eta bokazio hori transmititu egiten ziguten. Gerora, gainera, lan-munduan topo egin dugu irakasle horietako batzuekin.

Poztuko dira, ezta? 

I.A. Askorentzat sorpresa bat izan da gurekin topo egitea, egia esan.

Marketina eta diseinua. Lehiakortasun handiko sektorea, ezta? 

J.U. Horretan urteak daramatzatenekin hitz eginez gero, lehia beti egon izan dela esango dute.

I.A. Bai, baina, Tolosaldean adibidez, ez dira asko horretan aritzen diren enpresak.

J.U. Gainera, agentzia bakoitzak bere estiloa markatzen du eta, horrekin batera, bere lan egiteko modua eta bere bezero mota.

I.A. Eta guztiak estudio txikiak izateak desberdintzeko aukera handiagoa ematen du, nortasun hori ikusarazten laguntzen du.

J.U. Dena den, gero eta agentzia gehiago daude, markaren garapenari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiolako.

I.A. Gaur egun, negozio bati ekitera doan edonork, prozesu horretako pauso bat gehiago bezala ikusten du marka lantzea; generoa erostearen edo lokala eskuratzearen pareko.

J.U. Hori asko aldatu da. Lehen enpresa sortzen zen hasteko, eta gero gertuko norbaitek logotipo bat egiten zuen, beharbada. Orain, aurrekontuaren zati bat markaren diseinura bideratzen da.

I.A. Chromarekin hasi ginenean, jendeari hori sinestarazi beharko geniola pentsatzen genuen, baina gizarteak ulertu du hori ezinbestekoa dela, ikuspegia aldatu da. Pixkana egin beharreko lana da, baina hiru urtean aldatu da zerbait.

Bulego berri batean jarraituko duzue zuen jarduna. Noiz utziko duzue Lehiberri? 

I.A. Irailaren 1ean bulego berrian egon nahi dugu jada, baina ez dakit lortuko dugun, lan asko daukagu-eta.

J.U. Ikasturte berria han hasi nahi dugu, lanean ere bete-betean hasteko.

Zuen haztegia hutsik geratuko da, eta hautagai berriak izango dira betetzeko. Horrelako proiektu batean sartzea gomendatuko zenukete?

J.U. Haztegia laguntza bat da, baina ez da panazea bat. Espazio bat da, baina ideiak eta helburuak argi izan behar dira, eta ziurtasun osoz ekin behar zaio proiektuari. Tentsio handiko une txarrak asko izango dira, eta etsitzeko gogoa ere piztuko da, lehen asteetan.

I.A. Proiektu bat osatu nahi duzula argi izanda, horrelako aukera bat probestu egingo nuke, argi eta garbi. Baina ez da erraza, faktore askok eragiten baitute proiektu horren bidea; zortea ere behar da.

J.U. Lehiberriko langileek eskaini diguten tratua ere aipatzekoa da; oso leku egokia da lanerako.

I.A. Laguntza eman digute gure zalantzen aurrean.

Zer behar da enpresa bat aurrera ateratzeko? 

J.U. Ezinbestekoa da egiten ari zarena denbora-galtze bat ez dela pentsatzea. Ez da ezer gertatzen astebetean deirik jaso ez baduzu, edo lehen proiektua hain txukun atera ez bada. Erabateko ikaskuntza bat da.

I.A. Bai, eta horrela ulertzea interesgarria da: ez da ohiko lanpostu batean aritzea bezalakoa. Beste hainbat aspektu landu behar dira, baina ohiko lanpostu batean ikasi ezin diren gauza asko ere ikasten dira. Alde onak eta txarrak ditu, baina hori argi izatea eta prest egotea, aurrerapauso handia da jada.

Ekintzailetasuna ezinbesteko ildo bilakatu da. Baina, gazteek, oraindik ere, nahiago dute besteen kontura lan egin, enpresa propio bat sortzea baino? 

I.A. Oro har, baietz esango nuke. Egia esan, guk ere ez genuen aparteko sen ekintzailerik; aukera bat ikusita proba egin genuen. Unibertsitatean, enpresaren bat sortzeko asmorik ba ote genuen galdetu ziguten behin. 35 pertsona geunden, bizpahiruk altxatu zuten eskua, eta gu ez ginen horietako inor izan.

J.U. Pertsona aktiboak gara, eta posible da horrek ekintzaile izaerarekin bat egitea. Baina nik, txikia nintzela, ez nuen esaten enpresa bat sortuko nuenik.

I.A. Gaur egun,beste erremediorik ez dagoenean hartu beharreko bidetzat ikusten da ekintzailetza.

J.U. Bai, eta gure aiton-amonen garaiko irudia bizirik daukagu oraindik: larunbat eta igande osoak lantegian sartuta, enpresa propioa aurrera ateratzeko. Ekintzaileek eguneko 24 orduak lanean pasatu behar dituztela iruditzen zaio jendeari eta, beharbada, hasieran ordu asko sartu beharko dira, bai. Baina lanpostu berri batean hasterakoan ere, aparteko orduak sartu behar izaten dira, postura egokitzeko. Antzekoa da, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!