Langabezia tasak behera, baina izpi ilunekin

Langabeziak beheranzko joera izan du Tolosaldean martxotik ekainera. 2016ko ekaineko datuak kaleratu berri dituzte, eta eskualdeko langabezia-tasa %12,03koa da. 2.663 pertsona daude langabezian, martxoan baino 140 gutxiago.  

Herri handietan, langabezia daturik txarrenak

Herri txikien eta handien arteko alderaketa garbia da. Eskualdeko herri handienetan altuagoa da langabeziaren portzentajea: Anoetako langabezia-tasa %13,86koa da, Ibarrakoa %13,27koa, Tolosakoa %13,18koa (martxoan baino 67 pertsona gutxiago daude langabezian), Villabonakoa %13,02koa (22 pertsona gutxiago langabezian), Zizurkilen %12,95ekoa (19 pertsona gutxiago langabezian), eta Alegikoa %12,69koa (11 pertsona gutxiago daude lanik gabe).

Anoeta eta Alegia dira txanponaren bi aldeak: Anoetako langabezia-tasa puntu bat baino gehiago handitu da martxoarekin alderatuta. 11 pertsona gehiago daude langabezian: 125 pertsona. Alegian baina, 11 pertsona gutxiago daude langabezian eta puntu bat baino gehiago jaitsi da langabezia-tasa; 109 pertsona daude langabezian.

Nolanahi ere, Berrobi da salbuespena. Herri txikia izanagatik, bertako langabezia-tasa da eskualdeko handiena: %14,60koa da. 40 pertsona daude langabezian, eta iazko irailetik goranzko joera darama.

Herri txikietan, beheranzko joera nagusi

Herri txiki gehienetan langabezia-tasaren portzentajea txikitu egin da. Abaltzisketan, Adunan, Albizturren, Alkizan, Altzon, Amezketan, Asteasun eta Baliarrainen, esaterako, langabezia-tasak behera egin du. Amezketa, Berastegi eta Asteasu dira kasurik adierazgarrienak; 6, 8 eta 9 pertsona gutxiago daude langabezian, hurrenez hurren.

Belauntzan, Berrobin, Lizartzan eta Orexan egoera bestelakoa da; langabezia-tasak gora egin du herri horietan. Belauntzan bi pertsona gehiago daude langabezian, eta puntu bat baino gehiago hazi da martxoarekin alderatuta. Herriko langabezia-tasa %6,54koa da. Elduainen bi pertsona gehiago daude langabezian -langabezia-tasa %4,59koa da-, eta Lizartzan 4 pertsona gehiago daude lanik gabe, -langabezia-tasa %9,97koa da-.

Gipuzkoako zortzigarren

Eskualdeko langabezia-tasa ez da Gipuzkoako txarrena, baina zortzigarren postuan dago (11 eskualdeko zerrendan) ekaineko datuak kontuan hartuta. Aurretik ditu Urola Kosta, Goierri, Debagoiena, Donostia, Urola Garaia, Urola Erdia eta Donostialdea. Urola Kostako langabezia-tasa %9,27koa da, Tolosaldekoa baino 2,76 puntu txikiagoa.

Gipuzkoako datu orokorrei erreferentzia eginez, langabezia-tasa %11,51koa da; 39.075 herritar daude langabezian. Martxoko datuekin alderatuta, 2.691 pertsona gutxiago daude langabezian.

Gipuzkoako datuak

  1. Urola Kosta: %9,27

  2. Goierri: %9.98

  3. Debagoiena: %10,41

  4. Donostia: %10,42

  5. Urola garaia: %11,09

  6. Urola erdia: %11,62

  7. Donostoialdea: %11,63

  8. Tolosaldea: %12,03

  9. Oarsoaldea: %13,21

  10. Debabarrena: %13,58

  11. Bidasoaldea: %13,73

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!