Ekainaren 13an, Aralarko txaboletara eta Saltarrirako pistaren ingurumen ebaluazio sinplifikatua egiteko agiriak argitaratu dira, hilabeteko epearekin helegiteak egiteko. Nahiz eta Aralar mendi publikoa eta Natur Parkea izan, ez zaio proiektu honi inongo publizitaterik egin, ez komunikabideetan, ez Ordiziako buletinean, eta soilik foru aldundiaren web orrian argitaratu dute. Gainera, dokumentazio gehiena gaztelera hutsean dago, eta euskaraz dagoen bakarrak akats handiak ditu.
Proiektua gazteleraz aztertzera behartuta, ikusten dugu oso erasokorra dela Aralar Natur Parkerako, maiatzaz geroztik Natura 2000 europar sareko (http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/noticia/2016_05_31_ 33077/eu_33077/33077.html) Babes Bereziko Eremua izendatuta. Intzesaotik Saltarrira 4,4 kmko eta, gutxienez, 3 metroko zabalerako pista egingo litzateke, eta Elutxeta inguruan 96 m-ko eta batazbeste 5 m-ko altuerako harri lubeta. Horrelako pista egiten bada, paisaian, natur ingurunean, eremu karstikoan eta lur azpiko uretan inpaktua ikaragarria izango dela aurrikusten dugu, eta horiek ez dira nahikoa baloratu proiektu horretan.
Horregatik guztiagatik, mankomunitateari eta foru aldundiari eskatu diegu proiektua bertan behera uzteko eta, orain arte, ez dugu inongo erantzunik jaso. Era berean, Aralarko artzantza eta kontserbazioaren aldeko neurriak, artzain, ganaduzale, mendizale, kontserbazionsita, zientzilari eta hainbat interesetako herritarrekin batera adostea eskatzen dugu, horrelako inpaktuak sortu gabe.
Halaber, Aralarko etorkizunaz kezkatuta diren mankomunitateko herrietako (Abaltzisketa, Altzaga, Amezketa, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Gaintza, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia, Orendain eta Zaldibia) biztanleei eskatzen diegu, beren herriko alkate eta zinegotziei kezka hauek helarazteko.