Eskualde begirada saretzen

Ataria 2016ko uzt. 14a, 17:57

Eskualdeko udalek 120.000 euro bideratuko dituzte Tolosalderako estrategikoak diren proiektuak laguntzeko.

olosaldea Saretzen eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataformak abian jarri du proiektu estrategikoetarako II. Tolosaldea Saretzen deialdia. Eskualdeko 18 urtetik gorako edozein pertsona fisikok edota eragile pribatu eta publikok parte har dezaketen lehiaketa publiko eta irekia aurkeztu zuten atzo Lehiberrin, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariorde Ixiar Arratibelek, Joxe Mari Elola Tolosaldea Goi Mailako Lanbide Heziketa Institutuko zuzendariak eta Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzeneko Udal saileko teknikariak.

2012an Tolosaldea Garatzeneko batzar orokorrak etorkizuneko proiektu estrategikoetarako diru funts berri bat sortzea adostu zuen eta erakunde bereko administrazio kontseiluak, hurrengo urtean, Tolosaldeko Proiektu Estrategikoen funtsa onartu zuen. Eskualdeko udalerriek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren bitartez jasotako dirua, Tolosaldea Saretzen egitasmora bideratu eta jarduera ekonomiko hori indartzeko eta sustatzeko berrinbertitzea lehenesten du, hortaz. Aurtengo ekarpenak jasota, 120.000 euro daude funtsean iaz baino 5.000 euro gutxiago, II. Tolosaldea Saretzen deialdian lehenetsitako proiektuak finantzatzeko.

Proiektu estrategikoak

Aurkeztutako proiektuek eskualdearen garapenerako estrategikoa izan daitekeen proiektu bat aurkeztu beharko dute. Era berean, Tolosaldean gauzatzeko modukoa dena, eskualde ikuspuntua indartu eta bertako ingurune fisikoa errespetatzen duena. Horrez, gain, Tolosaldeko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen ere lagundu beharko du.

Proiektuak baloratzeko garaian, kontseiluak zenbait irizpide hartuko ditu kontuan eta Mendizabalen esanetan, hiru irizpide berri txertatu dira aurten: «Ezinbestean, ingurumena errespetatzen duen ekimena izan beharko da diruz lagundutakoa eta bertako garapena sustatuz garatu beharko da. Euskararen presentzia eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna sustatzea ere sartu ditugu irizpideen artean». Bestalde, proiektuak eskualdeko estrategiarekin bat etortzea eta epe ertainera begira proiektu bideragarria izatea hartuko da kontuan. Eragile desberdinen arteko elkarlaneko proiektua izatea, enplegua sortzeko ahalmena izatea eta berrikuntza ere hartuko dituzte aintzat.

Tolosaldea Saretzen deialdiko diru laguntzaren bitartez proiektuaren aurrekontuaren %50a arteko finantzaketa eskainiko da. Iaz, lau proiektuk jaso zuten eskualdeko laguntza eta aurten ere bat baino gehiago finantzatzea da asmoa.

Eskabideak aurkezteko aukera, irailaren 15a arte

- Oinarriak: Tolosaldea Garatzenen, Tolomendin eta eskualdeko udaletan. Edo bestela,  www.tolosaldeagaratzen.eus/tolosaldeagaratzen helbidean.

- Eskabidea bete beharko da eta bestelako dokumentazioa erantsi eta zuzenean edo postaz aurkeztu Tolosaldea Garatzenen, irailaren 15a baino lehen.

- Helbidea: Tolosaldea Garatzen. Apatta kalea, 1. Apattaerreka industriagunea. 20400 Tolosa. E posta: tolosaldeasaretzen@tolosaldea.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!