Garikanok zeresana eman du Europako Txapelketan

Asier Imaz 2016ko uztailaren 13a

Europako Pistako Txirrindulari Txapelketa jokatzen ari dira Italiako Montichiari hirian, junior eta 23 urte azpikoen mailan.

Tolosaldeko lau txirrindulari daude bertan, eta lehen pedalkadak emateko aukera izan dute laurek. Protagonista nagusia, ordea, Luis Mari Garikano bilakatu da, lehen egunean egin zuen lasterketarekin. Skrach proban, erakustaldia eskaini zuen tolosarrak, nahiz eta amaieran 9. postuan amaitu. Hasi eta berehala erasotu zuen Oriakoko txirrindulariak, errusiar bat lagun zuela. Honek ordea ezin izan zion Garikanoren erritmoari eutsi, eta atzean gelditu zen. Itzuli bat hartzeko laurden batera jarri zen, baina ez zuen tropela atzetik harrapatzea lortu, eta azkenean, multzoak irentsi zuen.

Hala eta guztiz ere, 16 itzuliren faltan, tolosarrak berriro ihes egitea erabaki zuen. «Denbora zen horrelako junior ausartik ikusten ez nuela», esan zuen probaren amaieran Salvador Melia Espainiako selekzioaren hautatzaileak. Indar erakustaldia, ordea, ez zen nahikoa izan domina lortzeko. Azken itzulian, erdia falta zela harrapatu zuten Garikano.

Eukene Larrarteri dagokionez, Gipuzkoa Caja Ruraleko txirrindulariak 10. amaitu zuen skrach-a. Jazarpen proban, aldiz, 19. egin zuen tolosarrak. Proba horretan, Garikano 14. sailkatu zen, eta Unai Iribar 26. Maddi Amondarian jazarpen proban 25. izan zen.

Oraindik eskualdeko ordezkariei lasterketa gehiago geratzen zaizkie Europako Txapelketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!