Julen Gabirondok jantzi du txapela Asteasun

Asier Imaz 2016ko uzt. 11a, 18:22

Gipuzkoako Segalari Txapelketa Julen Gabirondok irabazi du. Igor Esnaola bigarren sailkatu da; Etxeberria eta Arteaga hirugarren eta laugarren.

Asteasuko Bulano baserriko belardian jokatu zen Gipuzkoako Segalari Txapelketaren finala, igandean. Lau segalari aritu ziren lehian, horietatik bi Tolosaldekoak. Hain justu, gustuen aritu ez zirenak: Jokin Etxeberria amasarra hirugarren gelditu zen, eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra laugarren. Txapela, Julen Gabirondok jantzi zuen. Uztailaren 24an Euskal Herriko Txapelketaren kanporaketa jokatuko da, eta Asteasuko lau finalistak bertan egongo dira.

Jokin Etxeberriak gerriko minez amaitu zuen ordubeteko saioa. «20-25. minutuan, maila bukaerako kolpe batean, dezenteko puntarak eman dit. Lan asko geratzen zen oraindik, eta hortxe ibili naiz. Ez dut asko gozatu, egia esan. Hasieran bai. Mailetan ere aurretik joan naiz, ustez. Gustuen orduantxe aritu naiz». Hala eta guztiz ere, lau urte geldirik egon ondoren, horrelako itzulera sinatuko zukeela ondorioztatu zuen amasarrak: «Segakera aldatu da urte hauetan. Ahal dela azpitik moztea komeni da orain. Finalean uste dut asmatu dudala, kanporaketan ez bezala; baina gorputzak utzi didan arte».  

Arkaitz Arteagak ez zuen gerriko minik saio amaieran; beste nonbait agian ordea bai: «Azkena eginda ez da inoiz pertsona gustura geratzen. Nire lana egiteko intentzioarekin etorri naiz, baina hasi eta berehala nabaritu dut segan ez nintzela ari gustura. Ezin asmatu bezala ibili naiz, eta horrelaxe pasa dut ordubete guztia. Min handiena horrek ematen dit, nire lana ez egiteak». Zergatia ez jakiteak ere kezka sortzen zion baliarraindarrari: «Beti egoten naiz urduritasunarekin, baina saio onak ere eginak ditut horrela. Ez dakit horregatik izan den». Euskal Herriko Txapelketan beste aukera bat izango du baliarraindarrak. Eta ez da ahaztu behar, aurrez, txapeldun gelditu dela txapelketa horretan, berak igandean umore punttuz onartu zuen bezala: «Txapela hori etxean dago, eta hori bai ez didala inork kenduko».


Izugarrizko ikuskizuna
Ordubeteko saioa bukatu ondoren, Alatzne Etxaburuaren aurretik Julen Gabirondo pasatu zen. Zizurkildarra Igor Esnaolaren arraitzaile lanetan ibili zen, eta argi eta garbi laburbildu zion Asteasun 400 ikusle inguruk ikusitakoa: «Izugarrizko ikuskizuna eskaini duzue».


Saioa hasi eta berehala, Arteaga atzean gelditu zen sailetan. Beste hirurak, pare-parean ibili ziren denbora gehienean. 20 minuturen faltan, Jokin Etxeberriaren gerriak nahikoa esan zuen, eta amasarra erritmoa jaitsi beharrean izan zen. Beste bien arteko borrokak, ordea, bere horretan jarraitzen zuen. Etxeberria atzean geratu bezala, Gabirondok maila bateko aldea hartu nahi zuela zirudien. Baina Esnaola latz sufrituz ez zen zintzilikatu. Fisikoki alde handia zegoela zirudien, urnietarra fresko ikusten baitzen; legorretarra, aldiz, minez tolestuta. Baina segan txukun jarraitzen zuen, eta ez hori bakarrik, Gabirondok ez zion ihes egiten. «Asmoa banuen azken zatian pixka bat gehiago emateko, baina ezin izan dut. Nituenak emanda iritsi naiz amaierara», onartu zuen urnietarrak behin txapela buruan zuela. Igor Esnaolak ere garbi hitz egin zuen: «Normalean baino gehiago sufritu dut, eta min sufrimendua izan da. Atzetik eta atzetik joan naiz, baina gertu, eta azkenean parean amaitu dugu. Egindakoarekin zoratzen nago. Hasieran horrelakorik ez nuen pentsatu ere egiten. Uste dut izugarrizko saioa egin dugula».


Bi segalariek sail kopuru bera moztea lortu zuten. Bietako inor ez zen hasi sail berrian. Hau da, pare-parean gelditu zirela. Horrek, txapelduna nor izango zen jakitea zail jartzen zuen. Belar biltzaileen lana erabakigarria izan zitekeen, beraz. Bi taldeak lanketa horretan txukun eta fin aritu zirenez, gakoa sailen arteko diferentzian egon zela esan daiteke.


Azkenean, epaileek euren lana egin ondoren, Joxe Anjel Sarasola hizlariak emaitzak eman zituen, urnietarrengan zoramena piztuz. Kiroltasunez ospatu ziren emaitza guztiak, izan ere, Julen Gabirondok esan bezala, final «oso polita» izan da.


Zenbakien sekretutxoa
Uztailaren 24an Euskal Herriko Sega Txapelketa hasiko da. Julen Gabirondorentzat Gipuzkoakoa irabazteko faborito nagusia Igor Esnaola zen. Txapela buruan eta irribarrea ezpainetan, oraingorako gauzak aldatu direla onartu behar izan zuen. Faboritoaren pisua bere gain hartuta joango da Euskal Herrikora. Baina zenbakiak begiratuz gero, argi ibiltzea hobe izango du urnietarrak. Gipuzkoako Txapelketako kanporaketan, bera izan zen kilo gehien ebaki zituena. Orduan, Esnaolari 184,5 kiloko aldea atera zion ordu erdiko lanean. Igandean, ordea, Asteasun, legorretarra 77 kilora geratu zen, ordubeteko lana eta gero. Zenbaki horiek eskuan, alde bakoitza argia bilatzeko moduan dago. Batetik, ez da ahaztu behar Esnaola besoa minduta ibili dela Gipuzkoakoan. Berak esan bezala, «oraindik gora egin dezakedala uste dut». Bestetik, Julen Gabirondo fisikoki sasoi bete-betean dago, eta legorretarraren ondoan hasiberria da sega munduan. Beraz, Esnaolak onartu bezala,  «egiten duen guztia goraka egingo du Gabirondok; eta horretarako badauka tartea, gainera».


Bi horien arteko lehiari gerriko minik gabeko Jokin Etxeberria bat gehitzen baldin badiogu, batek daki Euskal Herriko txapelduna nor izango den.

Sailkapena

1. Julen Gabirondo    3.374 kilo   
2. Igor Esnaola         3.297 kilo
3. Jokin Etxeberria    3.030 kilo (20 kiloko zigorra)
4. Arkaitz Arteaga     2.796 kilo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!