Aralarpeko boluntarioen istorio eta bizipenak

Aralarpeko boluntarioen istorio eta bizipenak

Amezketako eta Larraizko guneak batuta 50 boluntario inguru aritzen dira Ehun Milak eta Goierriko Bi Haundiak probetan lanean, parte hartzaileek behar dutena eskura izateko.

Mila eta laurehun boluntario inguru aritzen dira Ehun Milak biltzen dituen probetan. Horietako batzuk Amezketan eta Larraitzen aritzen dira. Joseba Larreta da Amezketako taldea koordinatzen duena: “Jazku gainean hiru lagun egoten dira egun guztian, eta Amezketan 25 inguru izaten dira. Gero egunean bertan ere izaten da izena eman gabe laguntzera etortzen dena. Jendea beti dago prest laguntzeko, eta pozgarria da hori”.

 

Abaltzisketako Larraitz auzoan 25 boluntario inguru elkartzen dira, eta Jon Zubizarreta aritzen da koordinazio lanetan: “Goierriko Bi Handien pasoa antolatzen dugu. Hemezortzigarren kilometroa da eta oraindik denak oso batera etortzen dira. Kolpeko lana da, eta jendea behar izaten dugu. Anoa gunea dugu eta parte hartzaileen denborak kontrolatu behar ditugu”. Ehun Milak probarako ez dute hainbesteko lanik: “Ez daukagu ez anoa gunerik, ez denbora hartu beharrik. Bakarrik pasoa bermatzea. Ezberdina da, hamar minutuz behin bi edo hiru lagun azaltzen dira”.

 

Goierriko Bi Handietan 500 lagun pasatzen dira Larraiztik, eta ordu eta erdiko denbora tartean. “Ostiraletik larunbatera arteko gauean 01:00ak aldera pasatzen dira parte hartzaileak”, dio Zubizarretak. “Hasieratik jende berdina gabiltza antolatzen. Orain gazte batzuk sartzen ari dira, eta gogotsu dabiltza gainera”. Anoa gunea prestatzeaz eta kronometrajea egiteaz gain, egun bat lehenago bidea markatzen dute. “Hori beste lagun pare batekin egiten dut; markatzea ardura handia da, ondo ez baldin badago karrera pikutara joan daiteke eta. Kronometrajean lau-bost lagun izaten dira, dinamika guztia ondo hartuta dutena. Anoa gunean kuadrilla bat dago, eta badakite ere dena nola antolatu”. Korrikalariak Auza Gaztelutik jaisten dira Larraitzera, eta ondoren Txindokira abiatzen dira. Ehun Milak proban, Amezketako gunetik Larraitzetik igarotzen dira, gero Txindoki eta Aralar aldera igotzeko.

 

Amezketan aurten kultur etxean jarriko dute gunea, erabilera anitzeko gela obretan baitago. Larunbateko 05:00ak inguruan igarotzen da lehen korrikalaria. Larretak gaupasa egiten duela dio: “Larraitzen Goierriko Bi Handiak proba nola doan ikustea gustatzen zait, eta gero 03:00etarako Amezketan izaten naiz. Larraitzen bukatu eta gero, Amezketara jaisten dute kronometrajearena”. Sakabanatuta iristen dira hasieran korrikalariak eta denborak aurrera egin ahala pixka bat gehiago pilatzen dira. 18:30ak aldera ixten dute pasoa. Probaren 98. kilometroan dago Amezketako gunea. “Parte hartzaileei esaten diet ez dutela meritu gutxi”, dio Larretak. “Oraindik okerrena falta zaiela ere esaten diet, ondoren Aralar eta Aizkorri baitituzte”.

 

Lasterkarien esker ona

 

Garbi du Larretak urtero boluntario aritzeko arrazoia: “Parte hartzaileek asko eskertzen dute boluntarioen lana. Niri horrek betetzen dit, eta horregatik jarraitzen dut urtero. Batzuk ikusten dituzu ondo datozela, beste batzuk ez hain ondo... Denei animoak eman eta aurrera”. Larreta hasieratik dabil boluntario gisa: “Mañu Otermin aritzen zen antolatzen Amezketan eta berari laguntzen ibiltzen nintzen hasieran. Gauza hauek gustatzen zaizkit, jendeari lagundu, buila batzuk atera, eta horrela sartu nintzen”.

 

Zubizarreta egun Abaltzisketako alkatea da, eta antolakuntzakoak herrira laguntza eske joan zirenean zinegotzia: “Lasterketaren proiektuarekin etorri ziren. Hasieratik esan genien diruarekin ez genuela laguntzerik, baina gure herriko pasoa antolatzeko prestatuko ginela. Horrezkero hor gabiltza bueltaka”. Zubizarretari mendia gustatzen zaio, baina boluntario izatetik korrikalari izaterainoko pausoa egiteko ez du bere burua ikusten: “Horrelako probak egiteko oso ondo prestatu behar duzu, hori ezinbesteko baldintza da. Denbora eskaini behar diozu. Egunero ordu erdi ibilita ez duzu zer eginik. Gustatu arren, nire kasuan ezinezkoa ikusten dut”. Larretari mendia ikusteko gustatzen zaio gehiago: “Antolatzen aritzea gustatzen zait, eta jarraituko dut. Pentsatu izan dut, egunen baten egingo banu, herrira sano iristea, eta jendea builaka animoak ematen... gustatuko litzaidake. Baina gauza bat da pentsatzea, bestea egitea...”.

 

Larraizko pasaera, Goierriko Bi Handiena, probako indartsuenetako dela dio Zubizarretak: “Jende asko elkartzen da korrikalariak ikusteko eta animoak emateko, beraien senide eta lagunak. Lehenengo Zaldibiako gunean elkartzen dira, eta gero denbora ematen du kotxean Larraitzera iristeko. Agian 400 lagun elkartzen dira animoak emateko. Txindokin egoten direnak-eta esaten digute txalo hotsak bertatik entzuten direla. Larraitzekoa oso polita izaten da”.

 

Ehunmilak lasterketaren inguruan egindako gehigarria eta Goierriko Hitzaren kanal berezia.

 

Orain arteko edizioetako argazki batzuk dituzue jarraian ikusgai: 

 

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!