«Erraustegia Gipuzkoan hartzen ari diren neurrien sinboloetako bat da»

Gipuzkoa Zutik! mugimendua sortu zen maiatza amaieran Donostian, «herritarren %1ari fabore egiten dien neurrien aurka». Herrietara zabaltzen ari da orain mugimendua.

Erraustegiaren kontrako giza kate jendetsuaren ostean, Donostiako Gipuzkoa Plazan bildu ziren ehunka herritar maiatzaren 29an. Kanpaldi iraunkorra martxan jarri zuten Donostian, eta orain Gipuzkoako herrietara zabaltzen ari da mugimendua, Tolosara kasu. Igaro den ostegunean egin zuten lehenengo batzarra, eta gaur egingo dute bigarrena, arratsaldeko 18:30ean, Tolosako trianguloan. Aritz Lopez Tolosa Zutik! ekimeneko kideak orain arteko ibilbidearen eta mugimenduaren helburuen berri eman du.

Zein da Tolosa Zutik! ekimenaren helburua?

Duela hilabete Gipuzkoa Zutik! ekimena sortu zen Donostian. Orain, mugimen horrek herrietara zabaltzeko planteamendua egin du. Deialdi horri eutsiz, Tolosako herritar talde batek batzarra deitu zuen Tolosan, eta ostegunean elkartu ginen lehenengo aldiz.

Zer moduz joan zen lehenengo batzarra?

70 pertsona inguru bildu ginen eta oso giro alaia eta sanoa egon zen batzarrean. Lan-talde txikietan antolatu ginen, parte hartzea errazteko eta ideia eta proposamen ugari atera ziren. Gaur egingo den batzarran proposamen horiek guztiak batu eta eztabaidatu egingo ditugu, aurrerantzean zer egin erabakitzeko.

Bigarren batzar baterako deialdia egin duzue, beraz.

Lehenengo batzarrean nik neuk izan nuen inpresioa izan zen dinamika hasi egin dela, eta ibilbidea izango duela hurrengo aste eta hilabeteetan. Gipuzkoa Zutik! ekimenak zehaztu ditu aurrera begirakoak, eta orain herrioi tokatzen zaigu zehaztea zer egingo dugun.

Zer nolako jendea elkartu zineten?

Nagusiki jende gaztea bildu zen; fenomeno hau gertatzen ari da leku guztietan. Nolanahi ere, adin guztietako jendea gonbidatuta dago; izan ere, batzarrak ere irekiak dira, kalean egiten dira. Batzuetan, hizkuntza izaten da oztopoa, eta horregatik zuzeneko itzulpena egiten da. Funtzionatzeko moduagatik gazteak erakartzen ditu batez ere, baina irekia da eta edonork parte har dezake.

Zein dira bertan zabaldu ziren ideia nagusiak?

Lan talde txikietan antolatu ginenean batzarra horren izaeraz eta aurrera begira batzarrak izan behar duen maiztasunaz hitz egin genuen. Bi proposamen nagusi atera ziren; astero eta bi astez behin, momentuko beharren arabera, biltzekoa. Zein ekimen egin daitezkeen ere proposatu genituen: akanpada sinbolikoa, kalejirak, hitzaldiak... Gaur zehaztuko dira.

Tolosaz gain, zein mugimendu dago eskualdeko gainerako herrietan?

Herri askotan egiten ari dira akanpada sinbolikoak, eta posible da Tolosan ere beste bat burutzea. Anoetan eta Iruran ere batzarrak egin dituzte eta Aiztondon ere gaia lantzen ari dira. Erraustegiaren aurkako mugimendu indartsua dago, eta aktiboki hartu dute parte Donostiako kanpaldian. Beraz, batzar formatuan ez bada ere, zerbait egingo dute, ziur.

Herritarrei zein mezu zabalduko zenieke?

Borroka horren ikurra erraustegia bada ere, Gipuzkoan ez ezik, Euskal Herri osoan abian jartzen ari diren neurri eta politiken aurka bildu dira herritarrak. Izan ere, neurri horiek Gipuzkoa osoko herritarren %1ari soilik egiten die fabore, eta erraustegia da neurri horien sinboloetako bat.

Mugimendu hori, ordea, ez da horretara mugatzen, eta bestelako gai sozialak ere landu ditu. Bestetik, batzarraren formatu irekia azpimarratuko nuke; Donostian sortu den mugimenduaren oinarrietako bat egiturak ez sortzea eta mugimendua ez bertikalizatzea izan da. Edonork parte har dezake eta herritar guztien iritzia hartzen da kontuan. Batzarrak ahalik eta horizontalenak eta parte hartzaileenak izatea da helburu nagusia. Horrek botere harremanak sortzen ditu, eta horiek guztiak kudeatzea da batzarraren zeregin nagusietako bat.

Zein gogoeta egiten duzu Donostian bizitutakoaz?

Gipuzkoa Zutik! ekimenak iraun duen ia egun guztietan egon naiz Donostian, eta barrutik bizi izan dut. Mugimenduak jende mordo batek parte hartzeko aukera eman du, ideologia eta leku ezberdinetatik zetorren jendea batzekoa. Errespetuzko giroan egon gara eta oso aberasgarria izan da hori. Erabili den formula horrek balio izan du jende hori guztia biltzeko, eta horrek sortu du jendea bildu eta ideiak elkarbanatzeko giroa, horizontalki, proposatutako ekimenak aurrera ateratzekoa, baita erraustegiaren inguruko eztabaida piztu eta 21 egunez agenda politikoan mantentzekoa ere; alde horretatik, oso positiboa izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!