Tolosaldeko lau txirrindulari Europako txapelketara

Asier Imaz 2016ko uzt. 6a, 12:37

Italiako Montichiari herrian, Europako Pistako Txirrindulari Txapelketa jokatuko da uztailaren 12tik 17ra bitarte.

Unai Iribar, Luis Mari Garikano, Maddi Amondarain eta Eukene Larrarte junior mailan lehiatuko dira. Atzo Mallorcara joan ziren laurak, txapelketa prestatzera, eta bertan egongo dira hilaren 10a bitarte. Ondoren, Italiara abiatuko dira.

Iribar, Garikano eta Amondarain Limousin Oriako Txirrindulari Eskolako kideak dira. Eta eskolak, asteburuan, lasterketa antolatu du Amarozko jaien barruan. Ailetz Lasa izan da irabazlea.

Europako txapelketara joango den laugarren txirrindularia, Larrarte, Gipuzkoa Caja Rural Bide Bidekoa da. Eta talde honek ere asteburuan zeresana eman du, baita Eukene Larrarte berak ere.

Larunbatean, Larrabasterran izan ziren Gipuzkoa Caja Ruralekoak, Euskalduna Sariaren barruko lasterketan. Kadeteek 35km-ko ibilbidea osatu zuten. Lasterketa hasi eta berehala, Izarne Maiozek ihesaldia sortu zuen. Berarekin beste bi txirrindulari joan ziren, eta horietako bat Garazi Erostarbe taldekidea zen. 14 kilometro inguru ihes eginda joan ondoren, tropelak harrapatu zituen. Ondoren, ertzainen akats baten ondorioz, lasterketa geldirik egon zen une luze batez.

Hortik aurrera, tropela elkarrekin joan zen, sprinterako dena utziz. Berriro ere Izarne Maioz izan zen indartsuena, garaipena lortuz. Garazi Erostarbe hirugarren sailkatu zen, eta Arantxa Garikano laugarren. Jubenilek eta eliteek 75 km egin zituzten. Helmugara sartu baino metro batzuk lehenago, Eukene Larrarte pelotoi buruan jarri zen. Garaipena eskuetan zuela, gurpilak irrist egin eta erorikoa izan zuen. Ezer larririk ez duenez, tolosarrak ez du Europako txapelketa galduko.

Igandean, Gipuzkoa Caja Ruralekoak Iturmendin izan ziren, Euskadiko eta Nafarroako Erlojupeko Txapelketan. Kadeteen mailan, 10km-ko ibilbidean Garazi Erostarbe Euskadiko txapeldunorde bihurtu zen, eta Arantxa Garikanok hirugarren amaitu zuen. Jubenil eta eliteek 14km-ko ibilbidea zuten eta Eider Unanuek laugarren amaitu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!