Irabaztearen gozoa eta galtzearen mikatza dastatu dituzte ia denek, horixe du jolasa joko bihurtzeak, baina ondo pasa dute gustatzen zaien kirola egiten.
Hirurehun eta hogeita hamar pilotari, hemeretzi Pilota Elkarte edo Eskola, hamahiru frontoi, berrehun eta laurogeita bost partida... Datu hauek nabarmen erakusten dute zenbat lan egiten den eskualde honetan pilota jolas eta jokoa transmititzen belaunaldi berriei, iragartzen du zenbat pertsona dagoen lotua asmo horri, eta zein emankorra suertatzen ari den. Han ziren sari ematen, Jokin Altuna, Maider Mendizabal, Xabier Tolosa eta Julen Urruzola, pilotazale guztien buruetan dauden beste batzuekin batera, lantegi horietan egindako pilotariak.
Tolosaldeko Atariak, gogotik txalotu ez ezik, lan hori hauspotu, azaleratu eta aitortu egin nahi du. Txapelketa honek, bigarrenez, bide eman digu talde horiekin guztiekin elkartu eta beraiekin batera lan egiteko. Erraza eta gustagarria izan da, denak ekiteko prest zeudelako eta gauzak ondo egiten dakitelako. Martxoaren hasieran ekin genion antolakuntzari eta emaitzak, zalantza txikienik gabe, merezi izan du.
Eskerrik asko guztiei: pilotariei, gurasoei, elkarteei, Elduaien Hizkuntza Eskolari, sari-banaketa etorri ziren pilotariei... denei! Hirugarrenari heltzeko gogoz gaude.