Hauteskunde sindikalak bultzatzeagatik Sutargitik langile bat kaleratu dutela salatu du ELAk

Ataria 2016ko ekainaren 28a

Elkarretaratzea egin dute langileek Ikaztegietan.

ELA sindikatuko zerrendan doa kaleratutako langilea. "Hamasei urte lanean aritu ondoren, errendimendu baxua argudiatuta bidali dute", salatu du sindikatuak. Kaleratzea auzitara eraman dute, eta elkarretaratzea egin dute Ikaztegietan.

Sutargi enpresak bost gune ditu, horietako bi Ikaztegietan, eta bana Alegian, Belauntzan eta Legorretan. ELAtik azaldu dutenez, orain arte ez da izan ordezkaritza sindikalik enpresan eta langileak mobilizatu dira hauteskundeak antolatzeko. Dagoeneko abian jarri dute hauteskundeak egiteko prozedura, eta kaleratzea horren ondoren etorri dela esan dute sindikatutik. Kaleratutako langilea ELAren hautagaia dela azaldu dute, eta hauteskundeen antolaketa bultzatzen ari zela.

Elkarretaratzea Despidorik ez, hauteskundeak bai lelopean egin dute gaur Ikaztegietan, eta enpresaren gune ezberdinetako langileek parte hartu dute. Sutargi enpresan 150 langile inguruk lan egiten dute, tartean urritasun fisikoak eta psikikoak dituztenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!