San Joanak 2016

Eguzkiaren garretatik sugarretara

Ataria 2016ko eka. 23a, 12:07

Tolosako iazko San Joan suaren une bat.

Eskualdeko ia herri guztietan ospatzen dute San Joan bezperako eguna, suaren inguruan.

Uda teknikoki hasi bada ere, sinbolikoki gaur gauean esnatuko da, sua piztearekin. Ekainaren 23an egin ohi da egun, San Joan bezperan, suaren inguruko festa, eskualdeko herri gehienetan bizilagunak plazan biltzen dituena. Bereziki San Joan jaiak ospatzen dituzten Tolosa, Belauntza eta Abaltzisketan du bere garrantzia. Anoetan ere gau berezia da, San Joan egunaren inguruan herriko festei jarraipena egiten baitiete. Baina herri gehienetan du bere esanahia eta presentzia festa honek, haur zein heldu biltzen dituena. Suak, nonbait, erakargarritasun handia baitu. Horrela, eskualdeko hainbat herritan afariak egingo dituzte, dantza eta kantua ere ez da faltako, eta Tolosako San Joan plazarako akelarrea ere prestatu dute.

EGITARAUA

Abaltzisketa

17:30. II. Frontenis Txapelketako finalak.

21:30. San Joan sua, eta San Joan dantza eta soka dantza herriko gaztetxoek dantzaturik. Jarraian, Dantzadi taldearen emanaldia.

Albiztur

20:00. Arkaitz elkarteak eta udalak mokadua eskainiko dute, plazan.

21:00. Sua piztuko dute.

Aduna

19:30. Adunako Euskararen Aldeko Taldeak maiatzaren 22an grabatu zuten Lip Dub-a ikustera gonbidatzen ditu herritar guztiak. Argazkiak eta ipuina ere ikusi ahal izango dira.

Emanaldiaren ostean, San Joan sua piztera hurbilduko dira kalejiran, Uztartza ondoko aparkalekuraino.

Alegia

20:45. Salbea abestuko du elizan Txintxarri abesbatzak.

21:00. San Joan sua plazan. Txintxarri abesbatzak, Sutarri dantza taldeak eta herriko txistulariek Bordon Dantza eskainiko dute.

Alkiza

20:00. Herri afaria, guraso elkarteak antolatuta, hilerri ondoko aparkalekuan.

22:00. Sua piztuko dute.

Altzo

21:15. Sua piztu, bedeinkatu, Artea dantza taldearen saioa eta zahagi ardoa. Ardoa udalaren kontura izango da.

Amasa

21:30. Sua piztuko da eta afaria egingo dute plazan. Norberak eramango du afaria etxetik.

Anoeta

18:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira herriko txistulariekin.

20:30. Herri afaria plazan. Kuadrilla bakoitzak bere platerak, mahai tresnak, basoak eta ahozapiak eraman ditzala. Zero Zabor filosofiari jarraituz, saiatu mesedez paperezko edo plastikozko materialak saihesten.

22:15. Txalapartariek San Joan Bezperako suaren jaia iragarriko dute. Ondoren, suaren inguruan San Joan zortziko kantuak eta erromeria, aho soinuarekin.

Asteasu

21:00. San Joan sua piztuko dute. Tradiziozko dantza egingo dute.

Baliarrain

20:00. Afari merienda egingo da plazan. Norberak eraman behar du jatekoa. Edaria jai batzordeak jarriko du. Afalostean, San Joan sua piztuko da.

Belauntza

21:00. Festei hasiera emango diete, san joan sua piztuz eta kanpaiak joaz, suziriekin lagunduta.

Berastegi

15:30. Pilota partidak, dantza eta trikitia, emanaldiak eta judoa.

21:00. Herri afaria. Ondoren, San Joan dantzak eta San Joan sua, guraso elkarteak antolatuta.

Berrobi

21:00. Urruti baserrian ateak irekita egongo dira, mahai, aulki, parrila eta sagardoarekin. Bakoitzak bere afaria eraman edo prestatu ahalako du.

22:30. Sua piztuko dute.

Bidania-Goiatz

20:30. Parkean elkartuko dira, norberak eramandako afariarekin. Edaria, berriz, udalak eta Ernio Guraso Elkarteak jarriko dute. Ondoren, sua piztuko dute.

Elduain

17:00. Plaza zaharrean elkartuko dira. Bertan elkartzen direnek (heldu nahiz gazte) sua osatuko dute. Horretarako etxe inguruan dauden adaxkak, zotzak... bilduko dituzte (koltxoi, armairu,.... tamaina handikoak ez dira jasoko). Komenigarria da aldez aurretik, umeei etxean zerbait jasotzeko duten zehaztea, bilketa lanean hasi baino lehen.

Afariari dagokionez, norberak etxetik eramandakoa elkarrekin jateko aukera izango da. Edaria bertan izango da, ardoa, sagardoa, ura, kas, koka kola... Edalontzia ere, etxetik eraman behar da. Sua afal ostean piztuko da.

Gaztelu

21:00. Erroizpe kirol elkarteak antolatuta, sardinak erreko dira plazan.

22:30. Sua piztuko dute futbol zelaian, eta Txispiri Guraso Elkartea eta Erroizpe elkartearen eskutik haurrek eta helduek suaren inguruan dantza egingo dute. Musika zuzenean izango da, herriko musikarien eskutik.

Hernialde

20:30. Zahagi ardoa izango da. Udalak jarriko du edaria eta kafea.

22:30. Sua piztuko dute plazan eta ondoren herriko dantzarien emanaldia izango da bertako musikariekin.

Ibarra

20:00. Afaria: norberak janaria eta edalontzia eramango ditu eta Hauspoak mahaiak eta sagardoa jarriko du.

21:30. Kanpai-hotsak, garai bateko kanpai-joleak gogoratuz.

21:50. Suaren inguruan dantza egingo dute.

Ikaztegieta

21:00. Afaria egingo dute herriko plazan. Jatekoa norberaren kontu izango da, eta edaria (ardoa, sagardoa eta ura) udalak jarriko ditu.

22:30. Sua piztuko dute. Suaren inguruan dantza egitera animatzen dituzte herritarrak.

Irura

21:45. Dantzari txikien emanaldia.

22:00. Sua piztuko da, eta ondoren Eguzki Goxo abesbatza eta Irurako dantzarien emanaldia. Udalak pastak eta ardo-goxoa jarriko ditu.

Larraul

Sua piztuko dute plazan eta horren inguruan afaria egingo dute.

Lizartza

20:00. Afaria egingo dute. Norberak eraman behar du afaria, eta udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu.

22:00. Suaren piztuera Otsolar dantza taldekoekin.

Orendain

21:00. Sardina jatea, plazan, Orendaingo sorginek antolatuta doan izango da. Sardinak, gazta eta irasagarra sorginen kontura izango da, eta edariak eta kafea udalak jarriko ditu. Sorginek dantza egingo dute, eta ondoren, sua piztuko dute. Jarraian, musika eta festa txiki bat izango da.

Orexa

20:00. Urrutxugainen egingo dute, bertako bizilagunek antolatuta. Dantza egingo dute, ondoren sua piztu eta gero afaria.

Tolosa

16:00. Igeriketa-probak Usabal kiroldegian: XLVII. San Joan saria.

17:00. Txistularien kalejira, antzinako erronda-bidetik barrena.

17:00. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Gernikako Arbola lorategitik.

18:00. Jaien hasiera iragartzeko, suziri baten jaurtiketa.

18:00. Iraunkorrak txaranga kalez kale ibiliko da herria doinuz alaitzen.

19:00. Plaza Zaharrean, haurrentzat San Joan su txikia.

19:30. Bertso jaialdia Zerkausian.

19:45. Arrameleko San Joan kaperan bezperak eta arrats otoitzak.

20:00. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertua: Berdura plazan.

22:00. San Joan sua: Andre Maria Plazan.

22:00. Emakumea naiz eta euskalduna Akelarre gaua: San Joan plazan.

23:00. Kontzertua Plaza Berrian: Potentor, Spira eta Choice.

Villabona

22:00. Errebote plazan piztuko da sua eta emanaldian parte hartuko dute Oinkari eta Oinargi dantza taldeek, eta herriko trikitilariek eta txistulariek.

Zizurkil

Zizurkil Beheran

20:00. Plazan bilduko dira herritarrak, eta Elbarrenako su ezberdinak bisitatuko dituzte kalejiran.

22:30. Sua piztuko dute, eta San Joan Dantza dantzatuko dute, eta zizka-mizka batekin amaiera emango zaio.

Zizurkil Goian

22:00. Sua eta txokolate jatea, San Millan eskolako guraso elkarteak antolatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!