Beste gisa bateko ekonomiaren alde

Ataria 2016ko ekainaren 17a

Igande goizean, 10:30etik aurrera Zizurkil Goian egingo du Aiztondoko Denbora Bankuak aurtengo Truke Azoka

Berpizten ari da Aiztondoko Denbora Bankua. Jende gehiagorengana eta bailarako beste herrietara zabaldu nahi dute jarduna. Denbora bankuak gehien funtzionatu duten garaiak, krisi garaiak izan dira. «Baina nik uste gizartean funtzionatzeko era polit eta gertuko bat izan daitezkeela denbora bankuak. Herriz herriko jendearen artean sareak sortu eta diruarekiko hainbesteko dependentzia ez edukitzeko modu bat da». Aiztondoko Denbora Bankuko kide den Eider Ezeiza adunarraren iritzia da.

«Zaintzan oinarritu nahi dugu gure bizitza, hori jarri nahi dugu zentroan. Gure burua, inguruko jendea eta natura zaintzeko prozesu horretan, gertutasunean egiten baditugu gauzak, bizitza bizigarriago bat izango dugu».

Duela zortzi urte inguru sortu zen Aiztondoko Denbora Bankua. Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateko teknikari baten eskutik sortu zen eta gaur egun, 6-8 pertsonako talde bat dabil bankua kudeatzen. 20 lagun inguruk maiztasunez hartzen du parte ekimenean.

Zerbitzuak trukatzeko modu bat da eta denbora da trukerako erabiltzen duten neurria. «Egunerokotasunean ditugun beharrak, kanpotik estali beharrean gure artean asetzen ditugu: gertutasunean, konfiantzaz eta gure arteko sarea sortuz», dio Ezeizak.

Izen emateko orrian jartzen du jendeak eskaintzeko prest dagoena. «Askotan pentsatzen dugu, oso ondo egiten dakigun hori bakarrik eskaini dezakegula, baina ez da prestaketa berezirik behar elkarri laguntzeko. Guk uste duguna baino gaitasun gehiago dauzkagu».

Alkizan, Larraulen, Adunan eta Asteasun egin dituzte orain arteko Truke Azokak eta bosgarrena Zizurkil Goian egingo dute igandean. Aurrerantzean ekimen honetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta helbide bat utzi dute haiekin harremanetan jartzeko: aiztondokodenborabankua@gmail.com.

TRUKE AZOKA

EKAINAK 19, IGANDEA

10:30 - 14:00. Mota guztietako gauzak eta zerbitzuak trukatzeko aukera izango da, eta Denbora Bankuari buruzko informazioa emango dute.

10:30 - 12:00. Jostungintza (konponketa errazak), Gure baitan, ingeleseko mintzapraktika... tailerrak egingo dira.

12:00. Solasaldia egingo da ekonomia solidario, ekologiko eta feministari buruz.

Eguerdian. Truke-bazkaria egingo da. Norberak nahi duen janaria eta edaria eman dezala, gainerakoekin trukatu, dastatu eta gozatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!