Gutuna: Eskola publikoari bai, ghettorik ez

Ataria 2016ko eka. 15a, 19:13

Gizartea aldatzen ari da, globalizazioak immigrazioa ere badakar. Garai batean herri euskalduna izan zen emigrantea, eta hori ez da ahaztu behar.

Denok ditugu eskubideak eta betebeharrak. Eskubide horietako bat hezkuntza da; mundu guztiak eduki beharko luke ikasteko eskubidea, eta horregatik, publikoa beharko luke izan. Hala ere, hezkuntza pribatua beste aukera bat da, hori norberak erabakiko du. Baina ez dugu ahaztu behar pribatu horiek, ez direla benetan pribatuak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartuak baizik; beraz, guztion diruaz finantzatzen dira.

Hau guztia argitu nahi genuke gure aldarrikapena egin aurretik. Izan ere, kurtso erdian iristen diren immigranteak eskolaratzeko garaian egiten den banaketa ez da batere orekatua. Hirukide eta Laskorain (itunpeko ikastetxeak) aurreikusita daude 0-18 urte bitartekoak bezala, Samaniego 0-12 urte bitartekoak bezala, eta Orixe 12-18 urte bitartekoak bezala. Beraz, banaketa hau dela eta, eskola publikoaren kopurua bikoitza litzateke, bi ikastetxe desberdin bezala hartzen direlako.

Gauza da, ikasturte honetan bakarrik, Tolosako eskola publikoak 12 ikasle jaso dituela ikasturtean zehar. Azken ikasturte hauetan kopuruak altuak izan dira, hau argi islatzen da gure ikastetxeetako Hizkuntza Indartzeko Programan (HIPI), 22 ikasle ditugu-eta bertan. Hainbeste ikasle hartu al dituzte beste bi itunpeko ikastetxeek ere?

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuordearen jarraibideak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, eta Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan, ohiko epetik kanpoko eskolatzea erregulatzeko dokumentuan, ikastetxean ikasleak onartzeko eta eskolatzeko irizpideak atalean zehazten denez, «funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztiek ikasle hauek eskolatzeko betebeharra dute, 35/2008 Dekretuak, ikasleak onartzeko prozedura zehazten duenak, 20. artikuluan jasotakoari jarraiki eta funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztien (publikoen eta itunpekoen) arteko oreka» bermatu behar da.

Hau ez bermatzeak ghettoak eratzea ekarriko luke, Gasteizen edo beste hainbat tokitan gertatzen ari den bezala. Hainbestetan aldarrikatzen den eskola inklusiboaren eta integratzailearen guztiz aurkakoa eta elitistaren aldekoa suertatzen ari dena.

Goraxeago aipatu berri dugun dokumentuan, ikasle hauen eskolatze prozesuan ondoko hau ere bermatu behar dela aipatzen da: «Baldintzak zehaztea eta baliabideak proposatzea ikasle hauek jasoko duten arreta egokia izan dadin».

Hori ez da benetan gertatzen dena, ikasle horiek sartzen dituzte, baina gero gutxitan iristen da itzultzailea edo laguntza irakaslea ikasle horiek guztiak artatzera.

Gure seme-alaben eskubideak ere bermatuta gera daitezela nahi dugu, denok baitakigu zer aldaketak suposatzen dituzten bat-bateko eskolatze horiek.

Honekin guztiarekin eskatu nahi duguna da Hezkuntza Sailak datuak benetan aztertzea eta gure aldarrikapena kontuan izatea, ikasle etorkinen eskolatzea orekatua izan dadin ikastetxe guztien artean.

Samaniego herri ikastetxearen Gorosti Guraso Elkartea eta Orixe institutuko Asmo Berri Guraso Elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!