Elkarlana jardun eredu

Ataria 2016ko eka. 15a, 09:07

Amasa-Villabonako Subijana etxean egin zuen Tolosaldeko Komunikazio Taldeak urteko batzar nagusia; erakunde, lankide eta ‘Tolosaldeko Ataria’-n kolaboratzaile direnekin.

Tolosaldeko Komunikazio Taldeak arrakastaz bete zuen urteko batzarra. Erakunde, lankide eta kolaboratzaile sare guztiari gonbidapena luzatuz, Villabonako Subijanan zuen hitzordua jarria pasa den ostegunean. Administrazio kontseiluko kideak, langileak, erakundeetako ordezkariak eta Tolosaldeko Ataria komunikabideak duen kolaboratzaile sarea osatzen duten hainbat eta hainbat kide bertaratu ziren. Xabier Saizar lehendakariak hartu zuen hitza, eta eskerrak ematearekin batera Tolosaldeko Ataria-ren jomuga eta balorazio orokorra egin zuen. Eskaintza komunikatiboa sendotzen ari da, eta eskualdeko herri eta eragileen presentzia orekatzeko ahalegina etengabea da. Bestetik, eskualdeko 28 udalerriren konpromisoa nabarmena dela, eta era berean erabakigarriak direla azpimarratu zuen.

Jarraian, euskarriz euskarri, azken urteak utzitakoaren eta aurrera begirakoen berri eman zen. Esaterako, prentsaren argitalpenei dagokionean, iaz 194 ale argitaratu ziren eta aurtengora begira 193 ateratzea aurreikusten da. Aurten, egunkari bereziak lau izango dira, eta gehigarriak bost. Diseinua berritzeaz gain, ikusgarritasuna eta herritarrak protagonista bilakatzea lortu da. Eta irisgarritasuna hobetzea izango du aurtengo erronketako bat. Irratiko emaitzak lortzea ezinezkoa den bitartean, webguneko emaitzek gorako bidean jarraitzen dute. Urteko lehen bost hilabeteetako trafikoaren bataz bestekoa, pasa den urtekoa baino %30 handiagoa da. Besteak beste, maiatzean inoizko bisita kopururik handiena izan du ataria.info web orriak. Sare sozialetan ere jarraitzaile kopurua goraka doa, eta urte osoan ia etenik gabe lan egiten jarraituko da.

Irratian, berriz, helburuen artean kalitate teknikoa bermatzea da helburu, ezagutzera emateko bideak jorratuz eta lankidetza eta kolaborazioa sustatuz.

Galdera eta proposamen txanda iristean, parte hartze benetan interesgarria suertatu zen bertaratu zirenen ekarpenekin. Ideia berriak lanean jarraitzeko baliagarriak izango dira.

Tolosaldeko Ataria-k «elkarlana du jardun eredu» eta gizarteratzea du behar-beharrezko «proiektua ezagutzera eman eta eskualdean zabaltzeko». Eta aztergai izanik trantsizio digitalerako urratsak nola eman.

Afari eder batekin borobildu zen batzar nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!